Oñatiko udala

Sancti Spiritus unibertsitatea birgaitzeko lehen faseko lanak esleipenera atera ditu Foru Aldundiak

2025/10/17
Card image cap
Kanpoko eta klaustroko fatxadak eta teilatua birgaitzea da helburua

  Tabuenca&Leache arquitectos enpresak abuztuan aurkeztu zuen unibertsitatea birgaitu eta turismo bulegoa egokitzeko proiektua. Orain, lehen faseari dagozkion lanak egiteko esleipena prozesua martxan du Foru Aldundiak. Hiru elementu biltzen ditu lehen fase honek: eraikinaren kanpoko eta klaustroko fatxadak eta teilatua. Lanek 2.084.765 euroko aurrekontua dute eta zazpi hilabetetan egin asmo dira. Enpresen proposamenak jaso dira jada eta eskaintzen azterketa eta balorazioa egiten ari dira foru arduradunak.

  Arkitekto nafarrek osatutako proiektuaren arabera ona da unibertsitate zaharra kontserbazio egoera, orokorrean. Hala ere, hainbat patologia edo gaitz atzeman dizkiote, bereziki urak eraginda: harriaren bolumetria galera, pitzadurak edota zikinkeria, besteak beste. Ondorioz, landu den proiektuaren helburua da klaustroko eta kanpoko fatxadak eta teilatua zaharberritzea, gutxieneko esku hartzearen irizpidea jarraituz.
Azterketa historikoa oinarri hartuta, fatxadetako harlangaitza luzituko da; kolore argiko morterozko geruzekin emokatuko da, harria erabat estali gabe eta harlanduzko elementuak nabarmentzeko helburuarekin. Azkenik, hidrofugatzailea aplikatuko da, fatxadak babesteko. Horrezaz gain, beste lan batzuk ere egingo dira: kamera bufoaren azterketa, gargolen errebisioa, klaustroan erdi ezkutuan dagoen erretenaren errebisioa eta estalkia zaharberritzea. Kasu honetan estalkik materiala desmuntatu eta birmuntatzea proposatzen da. Era berean, eraikinaren egurrezko bi ateak zaharberritzea proposatzen da eta tximistak lehertu zuen pilastroiaren eskulturari dagokionez, pieza berri bat egin eta jartzea.

  Lanen esleipenerako irizpideak bi dira, nagusiki: eskaintza ekonomikoa eta zaharberritze lanen memoria teknikoa. Lanak lehenbailehen esleitu eta hastea espero da, Europatik jaso zen dirulaguntza justifikatzeko bete beharreko epeak estuak baitira. Orain esleipenera atera diren lehen faseko lanen osagarri moduan eraikinaren barne egituratze lanak egingo dira, Turismo bulegoa bertara eraman eta ikasketa gelak egokitzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!