San Martingo babes ofizialeko 39 etxebizitzen zozketa, apirilaren 25ean egingo da kultur etxean.

2012/04/12
Zozketarako onartuen behin betiko zerrendak datorren astelehenean kaleratuko dira.

  San Martin 6-7-8 izango direnetan 45 etxebizitza eraikitzen ari diren arren, horietako 39 dira zozketaz esleituko diren babes ofizialeko etxeak. Zozketarako eguna finkatu da, hilaren 25ean izango da esan bezala, eta orduan erabiliko diren zerrendak errebisatu eta zuzentzen ari dira udal bulegoetan. Izan ere, hartarako jarri zen epean, ia 40 eskaera eta alegazio jaso baitira. Gehienak, 2 logeladun etxebizitzen aparteko zozketan parte hartzeko eskaerak dira. Halako 30en bat jaso direla esan digu gaiaz arduratzen den langileak.

  Zozketarako onartuen behin behineko zerrendarekiko erreklamazioak berriz, 6 bat izan dira. Batzuek, zerrendatik eta ondorioz, zozketatik kanpo uzteko eskaera egin dute eta beste batzuk aldiz, zozketan parte hartzeko. Azken hauen datuak egiaztatu behar dira baldintzak betetzen ote dituzten ikusi eta alegazioa onartu edo baztertzeko.

  Gogoratu, printzipioz, San Martingo babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozesuan lau kupo osatzea aurre ikusten zela: mugikortasun arazoak dituztenentzat 2 etxe gorde dira, beste bi familia ugarientzat, 6 bi logeladun etxea propio eskatu dutenentzat eta gainontzeko 29ak kupo orokorrean. Ondorioz, zozketarako onartuen behin betiko zerrenda, kupo horien arabera osatuko da. Alegia, lau zerrenda berezitu osatuko dira. Zerrenda horiek, datorren astelehenean kaleratuko dira eta behin behineko izaera zuten aurrekoekin egin zen bezala, hauek ere, udaletxeko iragarki taulan eta Santa anako kristaleran jarriko dira eta udaleko webgunean ere eskegiko dira.
San Martingo 39 etxebizitzen zozketan parte hartzeko onartuen behin behineko zerrendetan 133 eskatzaileen izenak jaso ziren baina kopuru hori gora edo behera aldatu daiteke oraindik.

  Aldatuko ez dena, azken orduko ez usteko handirik gertatzen ez bada behintzat, zozketa eguna da. Eguaztena izango den apirilaren 25ean egingo da, kultur etxeko zine aretoan eta arratsaldeko 6:30ean hasita.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!