Oñatiko udala

San Martin Fundazioaren jabetzako baserri baten eta bi lursailen erabilera utzi zaio Tokixan elkarteari

2025/10/21
Card image cap
Agroekologian oinarritutako proiektua garatzen hasteko 10 urtez erabiltzea onartu zen azken Osoko Bilkuran

  Zubillagan dagoen Erguña Etxeberria baserria eta lursaila eta Usako inguruan, garai bateko Exibai baserriaren jabetzakoa zen beste lursail bat da Tokixan irabazi asmorik gabeko elkarteari 10 urtez lagako zaiona. Gaia azken Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartu zen, EH Bilduko ordezkarien aldeko botoz eta EAJren ezezkoarekin. Jeltzaleek proiektuaren interesa onartu zuten arren ez zuten argi ikusten San Martin Fundariori zein onura ekarriko liokeen, erakundearen estatutuetan zehazten den bezala. Lurraren eta eraikinaren erabilerak berak, ondarearen mantentzea dakarrela erantzun zuen Ingurumena batzordeburu Iker Oñatek. 

  Tokixan elkateak elikadura burujabetza sustatzea du helburu eta Oñatin garatu asmo den proiektuak agroekologia du oinarri, ekoizpena, banaketa eta kontsumoa barnebilduz. San Martin Fundazioak lagatako lurretan ekoizpen proiektu kolektibo esperimental bat martxan jarriko da eta horri lotuta joango den formakuntza egitasmoa ere garatu nahi da. Proiektua azken urteetan egin den hausnarketa kolektiboaren emaitza da; bultzatzaileen hitzetan, ekoizpenean diharduten langileen lan baldintzak hobetu eta errelebo aldaketa bermatzea da xedea, lehen sektorearen bideragarritasuna bermatzea, alegia.

  Debagoieneko udalak, Debagaraia landa garapen elkartea, elikadura topaguneak, ekoizle taldeak, kooperatibak… daude lankidetza sarean. Dagoeneko hasia du banaketari begirako proba pilotua, Fagor Ederlaneko jangelan, esaterako, eta, epe motzera Oñatin ekoizpen eta formazio gunea sortzeko ari da lanean. Horren harira, bi lanpostu betetzeko deialdia zabaldu da lansareaplataforman. Lanpostuetara aurkezten direnek barazki eta fruten ekoizpenaz eta ekoizpen gunea kudeatzeaz arduratuko dira, tokiko eragileekin koordinazio lana egitearekin batera. Baratzegintza agroekologikoan formakuntza eta esperientzia izatea eta talde lanean aritzeko gaitasuna eskatzen da. Horrezaz gain, Debagoienakoa izatea eta eskualdeko lehen sektorearen eta tokiko erakundeen ezagutza izatea baloratuko da, harremanetarako erraztasuna, enpresa edo elkartegintzan esperientzia kudeaketa arloan eta epe luzerako apustua egiteko prestutasuna. B gidabaimena izatea ere kontutan hartuko da. Interesatuek curriculuma bidali behar dute: tokixan@tokixan.eus helbidera, urriaren 28a baino lehen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!