Oñatiko udala

San Martin egoitzako egoiliarrek Gure Zirkura bisita egingo dute ostiral goizean

2026/05/27
Card image cap
Udalak, San Martin egoitzak eta Gure Zirkuak elkarrekin adostutako egitasmoa da

  Gure Zirkuaren ikuskizuna edozein adinetako ikusleentzat aproposa dela frogatuko da ostiral goizean, San Martin egoitzako egoiliarrekin topaketa berezia egingo baitute; zirkuko artistekin zuzeneko harremana izango dute, eurekin berba egin eta abestuz, eta emankizuneko zenbait pasarte ikusteko aukera izango dute. San Martin egoitzako 70en bat egoiliarrek izango dute zirkuaz gozatzeko aukera, ostiralean, 11:00etan hasiko den saio berezian parte hartuz. Gure Zirkua, Udala eta San Martin egoitzaren arteko ekimena da.

  Olaiturrin kokatu den Gure Zirkuak eskaintzen duen irisgarritasunak erraztuko du adineko, eta kasu askotan mugikortasuna mugatua duten, 70 lagun hauen bisita. Saio itxia izango da, San Martin egoitzako egoiliar eta zaintzaileei zuzenduta.

  Gure Zirkua orain bi aste iritsi zen Oñatira, karpa Olaitturrin muntatu eta lehen emanaldia maiatzaren 15ean eskainiz. Hasierako egonaldia luzatuta, ekainaren 6ra arte egongo dira gurean eta 15 emanaldi eskainiko dituzte, 14, edonori zuzenduta, eta ostiral goizekoa San Martin egoitzakoentzat propio osatutakoa. Publikoari irekitako sei emanaldi geratzen dira oraindik, datozen bi asteburuetakoak, baina aurre-salmentan azken egunerako sarrerak soilik geratzen dira, ekainaren 6ko 12:00etarako eta 17:00etarako, soilik. Dena den, gogoan hartu takillan emanaldi bakoitzerako 30en bat sarrera jartzen direla.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!