San Lorentzon jolas parke naturalizatua eraikitzeko lanak hizpide izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Jolastuku herriko jolasguneen planean jaso zen San Lorentzoko jolas parkeko ekipamendua berritu eta mantentzeko beharra; herrian zehar askotan errepikatzen diren elementuen ordez, jolas sinbolikorako elementuak jartzea proposatu zen. Projekta Urbes enpresak osatu duen proiektuaren arabera, bi berdegune moldatuko dira, 0-3 urte bitarteko haurrei bideratutako espazioak egokitzeko. 3 eremu ezberdin eratuko dira, hondar, pinu azal eta kortxozko zoruekin eta jolaserako elementuez hornituko dira: harriak, enborrak, aulkiak edota mahaiak. Egokitze lan horiek egiteko kontratazioaz arituko dira gaur arratsaldean gobernu taldeko kideak.
Olabarrietako auzotasun programaren dirulaguntzaren inguruko argibideak ere emango dira arratsaldeko bileran. Urtea amaitzeko hilabete eta erdi besterik ez da falta eta landa auzoek aurten egindako lanen zuriketa-txostenak prestatu behar dituzte auzotasun programaren baitan dagokien dirulaguntza jaso ahal izateko.
Aipatu bi gaiak dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako zerrendatu diren bakarrak. Azken orduan, eta presazko izaeraz, besteren bat aurkeztu daiteke.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!