San Lorentzon eta Ramon Irizar kaleko hainbat etxetan lapurretak izan dira azken asteotan
Ertzaintzan salatutako lau lapurreta izan dira urtarrilean gurean eta bi kasutan atean markatzaileak jarri ondoren sartu direla egiaztatu ahal izan dute. Nonbait, silikonazko hari moduko bat jartzen dute lapurrek atearen goialdean markora lotuta, etxean inor ez dagoela ziurtatu ondoren. Itzuli eta haritxoa bere horretan, apurtu gabe dagoela ikusten badute, etxera sartzen dira, hutsik dagoela jakinda. Adi egon eta ateak errebisatzeko gomendioa eman da Ertzaintzatik. Atea beti giltzaz ixtea ere aholkatzen da, minutu gutxirako irteten bagara ere. Oñatin izan diren lapurreta batzuetan ez ei dute zerraila apurtu eta atea kaltetu gabe irekitzeko sistemaren bat erabili dute lapurrek. San Lorentzon eta Ramon Irizar kaleko lau etxetan sartu dira lapurrak, azken asteotan, eta, orokorrean, dirua, bitxiak eta tresna elektrikoak eraman dituzte.
Bestalde, larunbatean, besarkada solidarioa deritzon sistema erabiliz beste lapurreta bat egin zen Euskadi etorbidean, udaltzaingoak jakinarazi duenez. Tarteka halako lapurreta edo lapurreta ahaleginak errepikatzen dira gurean. Azken kasua larunbatean gertatu zen Euskadi etorbidean eta lapurrak katea eraman zuen. Emakumezko bat izan zen adineko pertsona batengana hurbildu eta besarkatzeko keinua eginda lepoko katea lapurtu ziona. Gertatutakoaren abisua udaltzaingoan eman zen, baina ez zuten lapurra atzematerik lortu. Ezezagunen bat hurbiltzen denean oihu egin eta ingurukoen arreta bereganatzea gomendatzen dute udaltzainek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!