San Lorentzoko ermitaren teilatua eraberritzen ari dira

2017/09/26
Card image cap
Burdinazko habe bat ere jarriko da koruari eusteko

  San Lorentzoko ermita oso egoera txarrean zegoen. Itogin edo txintxin ugari zituen eta koruari eusten zion habea mugituta zegoen. Parrokiako kontseiluko kideek Foru Aldundiko teknikoekin bi bilera egin zituzten ermitan bertan, eraberritze eta konpontze lanak nola egin zehazteko. Horren araberako proiektua LKS enpresari eskatu zitzaion eta udalaren baimena jasota, eraberritze lanei ekin zaio. San Lorentzoko ermitaren zaharberritze lanok iraileko lehen astean hasi ziren eta bi hilabetez luzatzea aurre ikusten da.

  Interbentzioak bi gunetan bilduko dira: teilatuan eta koroan. Teilatua guztiz berrituko da eta egun bi nibel edo mailatan dagoen arren, dena batean egingo da. Teilak kendu, estruktura egonkortu, maila bakarrean jartzeko osatuko da eta teila berriak jarriko dira. Koroari eusten zion habea mugituta zegoela ere ikusi zen. Oso aspaldiko egurrezko habea zen. Koruari beharrezkoa duen egonkortasuna emateko euskarri berria jarriko da, burdinazko habe berria.

  Lanok 90.000 euroko aurrekontua dute. Zatirik handiena Gotzaitegiak ordainduko du baina Foru Aldundiari eta Udalari ere diru laguntza eskatu zaie. Foru Aldundiak diru laguntza emango duela agindu du baina horretarako, lanak amaitu eta likidazio kontuak azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira. Horregatik, lanak bi hilabeteko epean egin eta azaroaren hasierarako amaitzeko baldintza jarri dio Parrokiako kontseiluak lanean dabilen enpresari. Udalean aurkeztutako diru laguntza eskaeraren erantzunik ez dutela jaso oraindik adierazi digu Parrokiako ordezkari batek.

  San Lorentzoko ermita konpontzeko lanok Parrokiako batzordeak 2017ako zituen asmoak dira. 2018koak zehazten ari dira eta printzipioz, San Martingo ermita berritzea aurre ikusten dute.
  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!