San Lorentzoko 11. areari dagozkion irisgarritasun lanak esleipenera atera ditu Udalak

San Lorentzo auzoko ipar-ekialdeko eremua hartzen du 11. area deritzonak, 49 eta 67 zenbakidun eraikinen arteko eremua, gutxi gora behera. Ermitatik gora errepideraino eta Eltzia aldamenetik goiko plazatxora bitarteko eremua da irisgarritasun neurrietara egokituko dena. Horretarako A2B Arquitectos enpresak idatzitako proiektuan oinarrituko dira eta San Lorentzoko beste gune batzuetan erabili den losa edota altzari eredua jarraituko da.
Espaloiak zabaldu eta hauen malda leunduko da eta eskailerak egokituko dira, irisgarritasun arauak beteaz; kendu ezin diren oztopo arkitektonikoak adierazteko zoladura berezia eta ibilgailuak aparkatu ez daitezen oztopo elementuak jarriko dira, behar den lekuetan; plataforma moduko oinezko pasabideak prestatuko dira, aparkalekuak egokituko dira, eta hesi eta heldulekuak jarriko dira, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko. Horretaz gain, ur zikinen saneamendua, ur-hornidura eta argindar instalazioak berritzeko obrak ere burutuko dira, Gipuzkoako Urak SA eta Oñargi SL enpresek aurreikusitako beharren arabera. Azpiegitura lan horiek enpresa bakoitzak ordainduko dizkio Udalari, guztiak deialdi berean esleituko baitira. Lanek, guztira, 941.482 euroko aurrekontua dute eta 12 hilabeteko epean egitea zehaztu da oinarrietan.
Lanak esleitzerakoan eskaintza ekonomikoa izango da irizpide nagusia, 75 punturekin, eta berme epea luzatzea, lanen egikaritza epea gutxitzea eta lan taldean genero ikuspegia txertatzea ere baloratuko dira, 5na punturekin. Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago, uztailaren 7ra arte.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!