Oñatiko udala

Saharako Fronte Polisarioko EAEko ordezkaria Izaro Elorza alkatearekin bildu da

2026/09/24
Card image cap
Bartzelonako Udaleko eta Foru Aldundiko hainbat ordezkariren bisita ere izan da Oñatin

  Gurera hurbiltzeko arrazoi eta helburuak ezberdinak diren arren, hainbat erakundetako ofizialetako ordezkariak Oñatin izan dira udal arduradunekin elkartu eta bilerak egiten, azken egun hauetan.
Mujtar Leboihi Emboiric Saharako Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkaria Izaro Elorzarekin bildu da, elkar ezagutu, harremanak sendotu eta elkarlanerako bideak jorratzeko. Oñati eta saharar herriaren arteko harremana aspaldikoa da: 1995ean Gleibat El Fula Tindufeko errefuxiatu sahararren kanpamenduetan kokatutako dairarekin anaitu zen Oñati, GALUHA Oñatin bizi diren sahararren elkartea dago, Oporrak bakean programaren baitan herriko hainbat familiak haur sahararrak hartzen dituzte udan, eta Hermansoloña elkarteak urteak daramatza Smarako Mahbes dairara laguntza bidaltzen. Egitasmo horietako askok Udalaren dirulaguntza dute. Elkartasun eta babes hori eskertu du Frente Polisarioko ordezkariak eta aurrerantzean ere saharar herriaren aldarrikapen eta eskaeretan Oñati alboan izatea espero duela adierazi du.

  Beste bisita berezi bat ere izan da azken egun hauetan gurean, Bartzelonako Udaleko arlo komunitarioko eta Foru Aldundiko Gobernu Ona eta Berrikuntza politiko-sozialeko hainbat teknikari eta kideren bisita, hain zuzen ere. Ekintza komunitarioaren baitako politiketan Oñatiko Udalak azken urteotan egindako bidea eta egitasmoetako batzuk bertatik bertara ezagutzera etorri dira. Eltzia ezagutu dute eta Emakumion Etxian ere egon dira. Begirada komunitariotik eraikitako proiektuak dira biak, eta bisitak aukera eman du horien inguruan, zein orokorrean, Udalak ekintza komunitarioaren baitan egindako lanketa, ekimenak, hausnarketak eta ikaspenak elkarbanatzeko. Bisita atsegin eta aberasgarria izan dela jakinarazi dute udal ordezkariek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!