Biharko greba deialdiak Oñatin oihartzun zabala izatea aurreikusten da
Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! lelopean deitu dute biharko greba orokorra, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Deialdi horren harira hainbat enpresa eta zerbitzutako langileek asanbladak egin dituzte aurreko egunotan. Hala, greba egitea erabaki dute, besteak beste: Hijos de Juan de Garayn, Chinchurretan, Natran, Amets Berezaon, Onnera Groupen, Ulma Forjan eta Ulma Packagingen. Hezkuntzan, Elkar Hezi, Urgain herri eskola, Txantxiku ikastola eta Txiki Txokoko langileen gehiengoak bihar greba egitea bozkatu du eta gutxieneko zerbitzuak beteko dira, ikastetxeak irekiko dira eta doazen haurren zaintza egingo da baina ez da eskolarik emango. Txiki Txoko haurreskolan, gainera ordutegia moldatu du eta goizeko 7:30etatik 14:45etara irekiko da soilik. Oñatiko institututuko bi egoitzetan, Zuazolan eta Larrañan, irakasleen gehiengoak greba egitea bozkatu du eta ikasle helduenek ere greba egitea erabaki dute. Udalean, langileen asanbladaren gehiengoak greba egitea erabaki du eta gutxieneko zerbitzuak soilik bermatuko dira: Udaltzaingoan zerbitzuaren %100a bete beharko da eta hilobiratze zerbitzuari eutsiko zaio soilik ezinbestekoa denean. Gaztelekua eta ludoteka itxita egongo dira, bertan zerbitzua ematen duten langileen gehiengoak ere bihar greba egitea erabaki duelako. Herribusaren kasuan, berriz, gutxieneko zerbitzuak agindu dira eta goizeko lehen orduan (7:30-8:30), eguerdian (13:30-14:00) eta arratsaldeko azken orduan (19:30-20:00), zortzi zerbitzu beteko dira. Debagoieneko Mankomunitateko langileek ere greba babestu dute eta Arrasateko bulegoak eta Garbiguneak, Urrutxukoa barne, itxita egongo dira bihar. Txanda dendarien elkarteak ez du erabakirik hartu elkarte moduan, eta dendari eta komertzio bakoitzak erabakiko du bihar ireki ala ez. Osasun zentroan ere mediku eta erizain bakoitzak erabakiko du greba egin ala ez; lanera doanak bere pazienteak artatuko ditu.
Biharko Hego Euskal Herriko greba orokorraren deitzaileek adostako testuan etxebizitza eskubidearen alde egiteaz gain, Hego Euskal Herriko errealitatera egokitzen den gutxieneko soldata propioa ere aldarrikatzen dute sindikatuek. Hauen ustez, euskal langileen kezka nagusia etxebizitzaren ingurukoa da, langileriaren pobretzearen arrazoi nagusietako bat baita. Ildo horretan, etxebizitza edukitzeko eskubidea bermatu beharko litzateke; publikoa izan beharko luke, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean. Langileen egunerokoa «arinago» egiteko beste bi neurri planteatzen dituzte, Etxegabetzeak bukatzea eta etxebizitzen prezioak jaistea.
Deialdiaren harira hainbat mobilizazio antolatu dira gurean: 8:00etan gosaria egingo da gaztetxean eta ondoren pikete informatiboak ibiliko ei dira herrian zehar. 10:30etan Eibarrera joateko kotxe kedada deitu da MU inguruan, izan ere, eguerdian manifestazio nagusietako bat Eibarko Untzaga plazatik abiatuko baita. Arratsaldean, bazkaria eta kafe-tertulia egingo dira plazan eta manifestazioa, 18:00etan, hori ere plazatik irtenda.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!