Resurreccion Mª Azkue eta Euskal Hizkuntzaren Akademiaz hitzaldi sorta eta antzerki emanaldia antolatu du Olaitturri taldeak

2018/09/13
Card image cap
100 urte bete berri dira Euskaltzaindia sortzeko erabakia Oñatin hartu zela

  Eusko Ikaskuntzaren 1918ko Kongresu esanguratsuaren baitan erabaki zen Euskal Hizkuntzaren Akademia sortzea. Gerora Euskaltzainburu izendatuko zuten Azkue, beste akademia-kide batzuekin batera, Oñatin zen batzarrean parte hartzen. Mendeurrena gogoan hartuta Kultur Hamabostaldia antolatu du Olaitturri elkarteak irailaren 18tik 29ra. Hiru hitzaldiko zikloa eta antzerkia eskainiko dira, ardatz nagusia, Azkue lehen Euskaltzainburua eta Euskal Hizkuntzaren Akademia bera izango direlarik.

  Kultur etxean eskainiko diren hitzaldiak hilaren 18, 20 eta 25ean izango dira. Eusko Ikasketen lehen Kongresua, Azkue lehen euskaltzainburua eta gerraosteko Euskaltzaindiaren historia kulturala jorratuko dira hitzaldietan. Antzerkia berriz, irailaren 29an  taularatuko da Mikel Goiaingeruaren Parrokian, nahiz eta bi egun lehenago, 27an, aurre-estreinaldia Santa Ana aretoan egingo den. Azkue herririk herri ibiltzen zen tokiko abesti eta kontakizunak biltzen, oso langile metodikoa zen eta altxor handi bat utzi zuen. Hori oinarri hartuta, herrialde bakoitzeko abesti bana eta Azkue eta hizkuntza akademiaren sorkuntzaren inguruko hainbat pasarte antzeztuko dira. Oñatiko unibertsitateko ikasle baten eta herriko neska baten arteko maitasun istorioak ere izango du lekurik antzerki emanaldian. Aurre estreinaldia doan izango da eta Santa Ana aretoa bete arte atea zabalik izango da. Mikel Goiaigeruaren Parrokian, irailaren 29an, 17:00tan eskainiko den estreinaldirako berriz, sarrerak, 6 €tan salgai daude jada Txokolateixan. Egunean bertan 10 €tan salduko dira.

  Hitzaldiak ematera kanpoko adituak gonbidatu dira. Baina antzerkia Olaitturri elkarteko kideek eskainiko dute. 34 lagunek osatzen dute taldea, eszenatokira igo nahiz atzealdean arituko direnak kontutan hartuta eta apirilaz geroztik ari dira Azkue eta Euskal Hizkuntzaren Akademia izeneko antzezlana entseiatzen.

  Euskal Herrirako hain garrantzitsua den Euskaltzaindiaren sorrera nola gertatu zen eta gidari izan zen Azkue nor zen oñatiarrei azaltzea da Olaitturri elkartearen helburua Kultur hamabostaldi hau antolatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!