Oñatiko udala

“Bertakoak” guneetan aparkatzeko txartel berriak eskatu edo ezeztatzeko epea ireki da

2026/11/02
Card image cap
Eskaerak abenduaren 30era arte egin daitezke

  Araututako aparkalekuen udal ordenantza beteaz, Bertakoak txartelei uko egin edota berriak eskatzeko epea ireki da, abenduaren 30era arte. Baja eta alta eskaera erregistroan egin behar da, udaletxera, HAZ bulegora joanda, edo online, erregistro elektronikotik. Txartel berria eskatu nahi dutenek autoaren zirkulazio-baimenaren kopia aurkeztu behar dute, jabearen erroldaren helbidea egiaztatzeko, eta kontu korrontearen zenbakia ere eman behar dute, dagokien tasa kargatzeko. Era berean, lehendik txartela duten baina azken urtean autoz aldatu dutenek ere, udal bulegoetan jakinarazi behar dute. Baja emateko, eskaera orria betetzea nahikoa izango da. Aurten Bertakoak txartela izan eta ezer adierazten ez dutenei automatikoki berrituko zaie.

  168 autok dute egun bertakoentzat gordetako lekuetan aparkatzeko txartela. Gehienek Bidebarrieta kale inguruan dauden 6. gunean aparkatzeko txartela dute, 109k, hain zuzen ere. Gainontzeko 59k Aita Mortara eta Aita Madina kaleetako aparkalekuek osatzen duten 5. gunea erabiltzeko baimena dute. Gehiago ziren urte hasieran 5.gunean aparkatzeko txartela eskuratu zutenak baina batzuk gerora uko egin zioten, Sancti Spiritus unibertsitateko lanen eraginez gune hori asko murriztu baitzen.

  Egun TAO txartela dutenen zerrenda udal iragarki taulan argitaratu da eta eta web orrian ere zintzilikatuko da. Alta eta baja emateko epea urte amaierara arte luzatu da aurten, abenduaren 30era arte, konkretuki, eta epea amaituta, beharrezko egiaztapenak egin eta behin betiko zerrenda osatuko da. 2027ko Bertakoak txartelak urdinak izango dira eta posta arruntez bidaliko zaizkie eskatzaileei urtarrila hasieran.. Dagokien udal tasa, berriz, datorren otsailean kobratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!