Iñigo Ruiz Barron izango da EH Bilduren alkategaia
EH Bilduren Mahai Politikoak larunbatean jakinarazi zuen alkategaiaren izena: Iñigo Ruiz Barron, 42 urteko arkitekto oñatiarra. Amaitzear dagoen legealdian, udal gobernu batzordeko kide da Ruiz eta horrek, udal kudeaketa barrutik ezagutu eta hainbat herri eragilerekin jarduteko bidea eman dio. Hala adierazi du Iñigo Ruizek berak sare sozialen bitartez zabaldu duen mezuan.
Hirigintza batzordeburu ez ezik, Pertsonal, Zerbitzuak, Landa Garapena eta Sozioekonomia batzordeetako kide ere bada une honetan Iñigo Ruiz. Horrez gain, Debagoieneko Mankomunitatearen zenbait taldetan Oñatiko Udala ordezkatzen du. Datozen urteetako erronkei erantzuteko prestakuntza, esperientzia eta udal kudeaketaren ezagutza baduela baloratu du EH Bilduko mahai politikoak Ruiz alkategai izendatzeko. Hautagaiak bere aldetik, gogotsu dagoela adierazi du.
Hirigintza saileko buru den aldetik, ikuspegi komunitarioa, berdintasuna eta inklusibitatea txertatzen dihardu Ruizek espazio publikoetan, beste udal-sail batzuen inplikazioa eta lankidetza bultzatuz eta ikuspegi integrala sustatuz. Oinarri horrekin, garrantzia bereziko proiektuak ari da kudeatzen legealdi honetan, HAPOa, esaterako, edota etxebizitzen harira, Oñati gune tentsionatu izendatzeko prozedurak abiarazteko ekintza plan propioa gauzatzearena, besteak beste.
Alkategai berriaren jakinarazpena EH Bilduk larunbatean egin zuen Herri batzarraren testuinguruan dator. Dozenaka pertsona bildu ziren orain arteko balantzea egin eta datozen urteetarako bide-orria zehazten hasteko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!