Goizean egin da hauteskunde-mahaitan egon beharko duten herritarren zozketa
Espainiako Kongresua eta Senatua berritzeko azaroaren 29an egingo diren hauteskundeetan, boto mahaitan egon beharko duten presidente, bokal eta hauen ordezkoen izendapenerako zozketa egin da goizeko 10:00etan. Gai bakarra zuen ezohiko bilkurara deitu dira udalbatza osatzen duten kideak eta publikoki egin da zozketa.Emaitza udaleko web atarian kontsultatu daiteke.
Azken hauteskundeetan bezala, hil akaberan ere 15 hauteskunde-mahai irekiko dira gurean. Bakoitzerako 9 lagun izendatzen dira, bat presidente titular izango da eta beste bi bokalak, eta postu bakoitzerako beste bina ordezko izendatzen dira, 135 herritar guztira. Hautesle mahai bakoitzeko erroldak erabiltzen dira zozketarako. Berez, aplikazio bat erabiltzen da herritarrak izendatzeko eta goizeko bilkuran, aplikazio hori martxan jartzeko agindua besterik ez da eman ordenagailuan. Ondoren, eta zerrenda eskutan, izendapenaren berri ematen duten agiriak betetzen hasi dira, ahalik eta azkarren, jakinarazpenen banaketa hasteko. Arratsaldean ekin zaio jakinerazpenen banaketari. Izan ere, legez mugatuta dago bai zozketa egin, jakinarazpenak banatu eta arazoak dituztenentzat alegazioak aurkezteko epeak. Oso estuak izaten dira. Jakinarazpenak, izendatutako herritarrei eskura eramango dizkiete udaltzainek; zuzenean etxera joaten dira edo han topatzen ez badute, telefonoz deituta udaltzaingotik pasatzeko eskatzen da. Hauteskunde mahaitan egoteko edo ordezko izateko izendatu diren herritarren zerrendak udaleko web atarian ere ikusgai jarri dira. Baina guztiek jakinarazpen ofiziala jasoko dute.
Ezintasunen bat duenak, izendapenaren kontrako alegazioa aurkeztu dezake. Horretarako zazpi eguneko epea dago, jakinarazpena jasotzen denetik. Baina hauteskunde-mahaitan egoteko kargua, legez bete beharrekoa da eta pisuzko arrazoiak bakarrik onartzen dira. Dena den, zein arrazoi eman daitezkeen, izendapenarekin batera banatzen diren informazio liburuxketan agertzen da. Liburuxkan, hauteskunde-mahaitan egon beharko dutenen arduraren arabera, bete beharreko lana eta erantzukizuna ere zehazten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!