Putzu septikoak garbitu edo instalatu eta nekazaritza erabilerarako ura diruz laguntzeko 2025eko deialdiaren ebazpena egin da
Ingurumen eta Landa Garapena Batzordeak banatzen dituen diru laguntzetako bi onartu dira alkate dekretu bidez. Biak 2025eko deialdiari dagozkio. Putzu septikoak garbitu edo jartzeko lanetarako lau eskaera jaso ziren baina bi onartzea erabaki da; baztertuetako batek aurrekontua aurkeztu du, faktura eta gastuen azalpenaren ordez, eta besteak, garbiketak sortutako hondakinak behar bezala kudeatu direla bermatzen duen dokumentua ez du presentatu, oinarrietan hala zehaztuta dagoen arren. Baldintzak bete eta onartu diren bi eskaeretako bat putzu septikoa garbitzeko gastua arintzeko da eta bestea berria egiteko. Hau artzain txabola batetan egin da. Kostuaren erdia estaltzeko dirulaguntza eman dio Udalak lehenari eta aurrez beste dirulaguntza bat bazuen bigarrenari gain finantziazioa ez izateko mugara arteko laguntza onartu zaio. Guztira, 1.776 euro bideratzea onartu du Udalak.
Bestalde, nekazaritza erabilerarako ur kontsumoa diruz laguntzeko hiru eskaera jaso eta onartu dira. Urtarrilaren 31n amaitu zen eskaerak egiteko epea, 2025eko deialdia izanagatik, egiaztagiri moduan aurkeztu behar diren azken ur erreziboak urte berria hasi ondoren jaso dituztelako eskatzaileek. Nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko dirulaguntzak hiru ustiategitako jabeek eskatu dituzte eta hirurak onartzea erabaki da. Ur kontsumoaren fakturaren %50eko kostua diruz laguntzen du Udalak, beti ere, 62 m3/hiruhileko ur kontsumotik gorakoa denean eta 1.000 euroko mugarekin. Bi behi aziendatan eta oilategi batean izan den ur kontsumoa diruz lagundu da, hiruren artean 376 euro banatuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!