Psikoestimulazio tailerra antolatu du Afagi elkarteak Alzheimerra duten debagoiendarrei zuzenduta

2021/09/21
Card image cap
Izen-ematea zabalik dago

  Galera kognitibo arina duten Alzheimer gaixoak, edo beste dementziaren bat izanik hasierako fasean dauden gaixoei zuzendutako tailerra da AFAGI elkarteak Arrasaten emango duena. Helburua, pertsonen funtzio kognitiboak estimulatzea da, gaixotasunak eragindako galera moteldu edo atzeratu eta pertsonaren autonomia luzatzeko. Horretarako, arreta, oroimena, lengoaia eta beste gaitasun batzuk landuko dira.

  AFAGI elkarteak Arrasaten, Arrasate pasealekuko 3an du arreta psikosoziala eskaintzeko lokala. Bertatik zerbitzu Debagoiena osoari ematen zaio eta aipatu psikoestimulazio tailerra ere bailarako gaixo eta familiei zuzenduta dago.

  Tailerra datorren astelehenean, irailaren 27an hasiko da eta hamar hilabetez luzatuko da. Saioak astelehen eta asteazkenetan izango dira, 11:00tatik 12:00tara. Gehienez, hamar laguneko taldeak osatuko dira.

  AFAGIko teknikoak interesa duten pertsona eta familiekin elkartuko dira tailerra hasi aurretik, informazioa elkartrukatu eta kasu bakoitza aztertzeko. Tailerrean parte hartzeko hainbat baldintza bete behar baitira. Informazio gehiagorako, edo hitzordua eskatzeko, elkarteko telefono zenbakira deitu daiteke: 943 297 118.

  Tailerrak hamar hilabeteko iraupena izango du, irailaren amaieratik ekaina amaierara arte, eta tartean partaide berriak onartuko dira, plazak dauden bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!