Proposamenak lehenesteko lehen saioa egingo da bihar, Partaidetzazko Aurrekontuak prozesuaren baitan

402 proposamen jaso dira Partaidetzazko Aurrekontuak 2026-2027 prozesuaren lehen fasean, irailean. Guztiak irakurri eta sailkatu dira, errepikatutakoak edo aurrez zehaztutako baldintzak betetzen ez zituztenak baztertuz eta antzekotasunaren arabera multzokatuz. Onartutakoen zerrendara erdiak pasatu dira, gutxi gora behera, udalaren eskumenetik kanpokoak, bi urtean exekutatzeko modukoak ez direnak edota 225.000 euro baino gehiagoko aurrekontua eskatzen dutenak baztertu ondoren. Orain, prozesuaren bigarren faseari ekingo zaio, proposamenak lehenesteko faseari, alegia. Horretarako bi saio ireki antolatu dira, urriaren 14 eta 22rako. Saio bakoitzera lehen galbahea pasatu duten proposamenen erdiak aurkeztu eta aztertuko dira, lehentasunen arabera zerrendatzeko.
Bihar egingo den lehen saioan, azpiegiturak, hiri altzariak eta irisgarritasuna hobetzeko proposamenak aurkeztuko dira. Hala, plaza, komunak, azoka, frontoia, iturriak, jezarlekuak, argiztapena, barandillak, espaloiak, zebra-bideak eta antzerakoak jarri edo hobetzeko proposamenez berba egingo da. Datorren astean, urriaren 22an egingo den bigarren saioan, kirola, aisialdia, gaztaroa, zahartzaroa, kultura, mugikortasuna, landa-eremua, berdeguneak, ingurumena, energia berriztagarriak edota animalien ingurukoak azalduko dira. Leheneste fase honi dagozkion bi saioak irekiak izango dira eta herritarrak bertaratu eta parte hartzera gonbidatzen dituzte udal arduradunek, adieraziz, gero eta jende gehiagok eta anitzagoak parte hartzen badu, emaitza bidezkoagoa eta herritarren beharrei erantzuteko modukoa izango dela. Proposamenak lehentasunen arabera antolatzeko bi tailer irekiak Kultur Etxeko erakusketa gelan egingo dira, bihar, urriak 14, eta datorren asteazkenean, hilaren eta 22an, 18:00etatik 20:00etara. Ahal dela, bi saioetan parte hartzeko gomendioa egiten da.
Proposamenak lehenesteko fase honen ondoren, udal teknikarien txanda iritsiko da eta herritarrek aurrera botatzen dituzten proposamenak hartu eta teknikoki bideragarriak diren aztertu beharko dute, bakoitzari dagokion aurrekontua zehaztearekin batera. Alde horretatik 225.000 euro da proposamen bakoitzak duen muga, aurreko prozesuan baino 25.000 euro gehiago. Handitu egin da baita ere Partaidetzazko Aurrekontuak prozesu berri honetarako Udalak gorde duen dirua, 600.000 euro, 2026an eta 2027an zertan inbertitu erabakitzeko. Gogoratu, martxan den prozesu honen laugarren eta azken fasea, bozkatzearena izango dela, urtarrilean, eta orduan ere, herritarrok geure nahia azaltzeko aukera izango dugu berriro.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!