Presoentzako laguntza kanpaina berria hasi du Espetxe Pastoraltzak
Bereziki gizonezkoen arropa eskatzen da: barruko arropa berria, gizonezkoentzako kamiseta eta kaltzontziloak; txandal frakak, kamisetak eta kirol-jertseak; bainuko txankletak eta kirol oinetakoak, 39 eta 46 taila artekoak eskatzen dira. Baita azazkalak moztekoak, tabako gorria, txiskeroak, turroi biguna, seiluak, sobreak eta boligrafoak ere. Materiala kanpainarekin bat egin duten hiru dendetan jasoko da: Irizar estankoan, Sillero oinetako dendan edo Hirukar liburu dendan, gaur hasi eta astebeteko epean, hilaren 15era arte.
Parrokiako espetxe pastoraltzaren material bilketa kanpaina ohikoa da Gabonen aurreko egunotan. Azken 20 urteetan gutxienik egin da. Eta Oñatin bezala, Gipuzkoako beste herri batzuetan ere antzerako ekimenak antolatzen dituzte. Halako laguntza deialditan oñatiarrek eskuzabal erantzuten dute. Asteburuko elizkizunetan presoentzako material bilketa kanpaina honen berri eman da eta gaur bertan hasi dira lehen ekarpenak jasotzen.
Oñatin astebeteko epean biltzen den materiala, lehenbailehen prestatu eta Arrasateko ospitale psikiatrikoan dauden presoei eramango zaie. Oñatiko taldeak 10 bat urte baitaramatza Martuteneko kartzelara joan gabe, psikiatrikoan ingresatuta dauden presoei laguntzen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!