Preso ohiek jasaten dituzten oinarrizko eskubideen murrizketak aztergai dira Lege Soziologia Institutuan

2017/04/06
Card image cap
Gaur hasi da 2017ko workshop programa Unibertsitate Zaharrean

  Pasa den astean amaitu zen 2016-2017 master ikastaroaren lekukoa hartuz gaur ekin zaio ikertzaileen lan bileren denboraldiari Lege Soziologia Institutuan. Datozen asteotan 15 workshop eta udako ikastaro bat izango dira Unibertsitate Zaharrean.

  2017ko egitarauari hasiera emateko, kartzelatik irten ondoren preso egon direnek jasaten dituzten oinarrizko eskubideen murrizketaz eztabaidatuko da gaur eta bihar. Gaizkileek dagokien kartzela zigorra bete ondoren edozein herritarren eskubideak berreskuratzen dituztela pentsatu arren errealitatea konplexuagoa da. Europar herrialde askotan, preso ohien oinarrizko eskubideak murriztu egiten dira. Murrizketa horiek gainera,  legez ezartzen dira edo epaitegi edo administrazio arduradun baten aginduz.

  Estatuek gizartea babestu beharra daukate baina aldi berean, kartzelatik irteten direnak birgizarteratu behar dituzte. Herritarrek kalteren bat jasateko arriskua murrizte aldera, zigorra bete duten preso ohien eskubideak mugatzeko neurriak hartzen dituzte sarritan estatuek. Baina zigorra bete duen orok du erabat birgizarteratzeko eskubidea. 

  Preso ohi batzuei aplikatzen zaizkien badaezpadako neurri murritzaileak dira adibidez, beren hatz-marka digitalizatuak datu basean mantentzea, poliziari bere helbide edota bestelako datu pertsonal batzuk jakinarazi beharra, edota sexu eta indarkeria delituen egileen kasuan batzuetan, beren mugimenduak bizitza osorako mugatuak izatea. Zentzu horretan legediak etengabe aldatzen ari dira eta joera geroz eta neurri murritzaile gehiago hartzea dela ikusten da.

  Unibertsitate Zaharrean gaur elkartu diren 16 ikerlari europarrek gaia ikuspegi bikoitz batetik aztertuko dute. Batetik, eskubide murrizketa dakarten oinarri edo printzipioak identifikatzen saiatuko dira eta bestetik, estatu ezberdinen arteko legedien konparaketa egingo dute.

  Gaurkoarekin 2017ko workshop programari ekin diote Lege Soziologia Institutuan. Datozen asteetan gaurkotasuneko gai ugari jorratuko dira: bitartekaritza, klima aldaketa, lan eskubideak eta negoziazio kolektiboa, ziberkrimena, pertsonen behartutako desagerpenak edota sententzia feministak, besteak beste.  Horrezaz gain, uztaila erdialdean Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako udako ikastaro bat Oñatin egingo da, etengabeko eraldatze prozesuan den mundu honetan lanbide juridikoetan gertatzen ari den krisia aztertuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!