Presazko mozio moduan aztertuko da EAJk aurkeztutakoa gaurko Osoko Bilkuran

EAJk ostiralean jakinarazi zuen prentsa-ohar bidez mozioa aurkeztuko zuela ekaineko Osoko Bilkuran, baina asteartean zabaldu zen deialdian ez zen jaso. Gaur goizean, berriz, presazko mozio moduan aurkeztuko dela jakinarazi da. Oñatiko ondarea babesteko konpromisoa eta garbiketa, mantentze eta sentsibilizazio neurri urgenteak eskatzen ditu aipatu mozioan EAJren udal taldeak. 18:30etan hasiko den Osoko Bilkuran eztabaidatuko da.
Bestalde, etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko lizitazio prozesu berria abian jartzea proposatuko da arratsaldeko bileran. Indarrean den kontratua Goxara enpresarekin sinatu zuen Udalak, 2022an. Luzatuz joan da baina irailaren 30ean beteko da. Ordurako zerbitzua kontratatzeko lizitazioa berria burutzea espero da. Gizarte zerbitzuen alorrarekin jarraituz, Gipuzkoako Farmazeutikoen Elkargo Ofizialarekin lankidetza hitzarmena sinatzea ere aztertuko da.
Larunbata, ekainaren 28a, LGTBIQ+ harrotasunaren eguna ospatuko da eta horren haritik udalbatza osatzen duten bi taldeek adostutako adierazpen instituzionala irakurriko da gaurko Osoko Bilkuran. Guztira, 14 gai zerrendatu dira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!