Potx eta Lotx pailazoek DA!PRO topaketetan parte hartuko dute, azaroaren 25ean
Hori da Durangoko Azokaren baitan zazpigarren aldiz egingo den DA!PRO topaketaren helburua, sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen elkargune bihurtzea. Azaroaren 25ean zortzi familia ikuskizun aurkeztuko dira, tartean Potx eta Lotx pailazoen Lagunekin topa!, 26an, berriz, hamar musika proiektu azalduko dira. Topaketa hauetan euskaraz jarduten duten sortzaileek euren proposamenak aurkezteko aukera izango dute, aurrean, kultur zein euskara teknikariak, liburutegietako dinamizatzaileak edota jai antolatzaileak dituztela. Zuzeneko harreman horren bidez bi helburu lortu nahi dira: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzea.
Topaketa hauetan sortzaile bakoitzak 15-20 minutu izaten ditu bere proposamena egiteko. Potx eta Lotx pailazoek udaberrian estreinatu zuten Lagunekin topa! ikuskizunarekin joango dira. Oñatiko pailazoentzat ez da berria DA!PRO topaketa, orain bi urte inguru, aurreko ikuskizunarekin egon baitziren. Programatzaile berriengana iristeko aukera moduan eta eskuartean duten ikuskizunaren bizitza luzatzeko aukera moduan ikusten dutela adierazi digu Josu Zubia Potxek.
Azaroaren 25ean, 9:00etan, Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan izango da hitzordua eta oñatiarrekin batera beste 7 sortzaile izango dira beraien familia ikuskizunak aurkezten. Hurrengo egunean, musika proiektuen txanda izango da eta halako 10 hautatu ditu antolakuntzak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!