Oñatiko udala

"Populismoa eta lege eta politika jakintzaren krisia" mintegia hasi da Lege Soziologia Institutuan

2022/05/19
Card image cap
18 ikerlarik parte hartzen dute, batzuk modu telematikoan

  Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko izandako Adam Czarnotak koordinatzen du gaur hasi den mintegia, Poloniako Wroclaw unibertaitateko beste irakasle batekin batera. Eta azken urteetan mundu osoan zabaltzen ari den fenomeno bati begira jarriko dira. Alderdi politiko populistak deritzotenak nonahi zabaltzen ari dira, alderdi demokratiko klasiko moduan ezagutzen ditugunei aurre hartuz, askotan, eta urteetako ibilbide eta garapen demokratikoa izan duten estatu erakundeak auzitan jarriz.

  Populismo berria deritzon fenomenoa orokorra da eta munduko herrialde askotan agertu eta nagusitzen ari da eta orain arte demokraziaren inguruan zeuden kontzepzio asko iraultzeko aukera aitortzen diote adituek. Benetako demokraziaren ordezkaritzat aurkezten dira halako alderdi asko, aurrez egindakoarekiko eta sendotutako hainbat erakundeekiko harremanak kolokan jarriz. Judikaturarekin erlazionatutako profesional askok ez dakite zein jarrera hartu fenomeno honen aurrean. Horretaz eztabaidatzen ari dira, besteak beste, Unibertsitate Zaharrean, gaur goizean hasita.

  18 ikerlarik bat egin dute bihar arte luzatuko den mintegian: Polonia, Herbehereak, Hungaria eta Errumaniako adituak dira. Batzuk, gehienak, hemen Oñatin daude, baina bakarren batek online egingo du bere ikerkuntza lanaren aurkezpena.

  Lege Soziologia Institutuak aurtengorako antolatu duen aurrez aurreko bigarren mintegia da hau.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!