Polizia ereduaz eztabaidatu zen azken Osoko Bilkuran
Azken asteetan hainbat herritako udaltzaingoen eta Ertzaintzaren kontra izandako erasoen haritik bi mozio idatzi aurkeztu eta eztabaidatu ziren urriko Osoko Bilkuran; udalbatza osatzen duten bi taldeetako bakoitzak aurkeztutako idatziak azaldu ziren. Bozkatzerakoan, talde bakoitzak berearen alde egin zuen eta EH Bildurena irten zen aurrera, gehiengoz.
Iraganeko garaiak gogora ekartzen dituzten jarduera eta jarrerak erakunde eta ordezkari publiko guztiek salatu eta gaitzetsi behar dituztela dio jeltzaleen idatziak eta Ertzaintzaren, udaltzaingoen eta ordezkari publikoen kontrako erasoak, seinalamenduak eta jokaera bortitzak gaitzestea eta Ertzaintzak eta udaltzaingoek egiten duten lana aitortzea proposatzen du, besteak beste. EH Bilduren idatziak berriz dio, “ordezkari publikoen aurkako gertaera eta adierazpenek errespetuaren muga gainditu dutela eta jarduteko modu horiekin ez datozela bat baina gertakari horien instrumentalizazio politikoa gaitzesten dutela. Alde horretatik, polizia-eredua sakon berrikusteko hausnarketa eta herri prozesua abiatu dezala eskatzen zaio Eusko Jaurlaritzari, gardentasuna, kontrol demokratikoa , proportzionaltasuna eta zerbitzu publikoa bermatzeko.
Bigarren mozio idatzi hori irakurri ondoren jaietan txosnagunean izan zen pankarta baten berri eman zuen Xabier Mugarzak, bertan azaldutakoa, kritika politikotik haratago doala salatuz eta udaltzainen eta Ertzainen lanaz berba egin zuen Amaia Erostarbe bozeramale jeltzaleak. Izaro Elorza alkateak ere hitza hartu zuen eta segurtasuna zaintzen dutenen beharra ez dela zalantzan jartzen esan zuen baina kritika egitea bidezkoa dela zehaztu zuen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!