Oñatiko udala

Plazan elkarretaratzea egingo dute bihar goizean adinekoen egoitza eta eguneko zentroetako langileek

2025/09/24
Card image cap
Lan hitzarmenaren negoziazioari berrekiteko eskatuz hiru greba egun deitu ditu ELAk Gipuzkoan

  Urtarrilean abiatutako lan hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzen dute Gipuzkoako adinekoen egoitza eta eguneko zentroetako langileek. Ekaina eta uztailean sei greba egun egin ziren eta aste honetarako beste hiru deitu ditu, sektorean gehiengoa duen ELA sindikatuak. Mobilizazioak ere antolatu dira egunero: gaur Donostian manifestazioa egin da, bihar, eskualde mailako mobilizazioen baitan auto karabana egingo da Debagoienean zehar eta 11:00etan elkarretaratzea Oñatiko plazan, eta ostiralean, azkenik, Zaintzaldia-Erresidentzien Zinemaldia izeneko film laburra emango da Donostiako Katalunia plazan.

  Greba deialdiaren aurrean gutxieneko zerbitzuak betetzea agindu du Eusko Jaurlaritzak eta erabiltzaileei arreta zuzeneko zerbitzua emango dietela adierazi da. San Martin egoitzan ere hala egingo dutela esan digu ELA sindikatuko ordezkari batek.

  Lan hitzarmen berriaren negoziazioa desblokeatzea eskatzen dute langileek. Patronalari aurkeztutako hobekuntzen artean daude; jardun osoko kontratuak langile guztientzat, 32 orduko lanaldia astean, 60 urtetik gorako langileen lanaldia egokitu eta erretiroa aurreratu ahal izateko formulak ezartzea, lan kargak arintzea eta soldata-arrakalarekin amaitzea eskatzen dute, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!