Plaza ondoko eremu eraberritua erabilgarri dago
Uztaila amaieran hasi ziren plaza-ondoko lanak amaitu dira eta azken xehetasunak falta diren arren eremua ireki zen ostegun arratsaldean. 10 hilabete hauetan zehar egin diren lan handienak ezkutuan daude, ur hoditeria, argindarraren eta telekomunikazio azpiegiturak berritu dira. Lorategian forma aldaketa txikiak egin dira eta espazioa ireki da, berdegunea zapalgarria bihurtuz. Barruan jesarlekuak jarri dira. Gernikako arbolaren inguruan zegoen hesia ere kendu da eta plazatik pilotaleku alderako pasabidea zabaldu eta irisgarriago bihurtu da, ibilbide nagusi gisa duen izaera indartuz. Kioskoa jolasgunera irekitzeko eskuhartzea egin da, eskaileren gunea handituz eta harmaila modukoa egokituz, eta berdin egin da azoka guneko eskaileretan, harmaila moduko batzuk prestatu baitira, zenbait lekutan. Azokara sartzeko orain urte batzuk moldatu zen behin behineko arrapala kendu eta behin betikoa jarri da. Plaza ondoko gune eraberrituan metalezko elementuei eman zaien kolore gorriztakarreta eman die herritar askori; udaletxeko balkoiaren kolorearekin bat egin nahi izan da, eremuari jarraikortasuna eta batasuna eman asmoz.
Estetikaz haratago, irisgarritasuna, ergonomia, eta inklusibitatea moduko kontzeptuak kontutan hartu dira lanak pentsatu eta egiterakoan.
Baina lanak ez dira erabat amaitu; belardietan bota den belar-hazia ernatu behar da, zenbait jesarlekuetan egurrezko oinarria eta bizkarraldea falta da, adokin batzuk aldatu behar dira eta jolasgunearen zorua leuntzeko tratamendua eman behar da. Lanak Korpus ondoren amaituko dira guztiz, barrakak joandakoan emango baitzaio zoruari azken tratamendua.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!