Pitinka baina langabeziak beheranzko bideari eusten dio gurean
Urtarriletik hona langabezia murriztuz joan da herrian. Hilabete batetik bestera ez da jaitsiera bereziki nabarmenik gertatu, baina joera errepikatzen ari da eta bosgarren hilabetez gertatu da jarraian. Apiriletik maiatzera bi langabe gutxiago zenbatu dira gurean, abendutik hona 19 gutxiago. Une honetan 315 langabe daude Oñatin, 122 gizonezko eta 193 emakumezko. Langabezia tasa % 5,80 da.
25 urtez azpikoen artean baina bereziki 45 urtez gorakoen artean murriztu da langabe kopurua gurean azken hilabetean. Aipagarria da lana topatu guran dabiltzan gizonezkoen kopuruak egin duela behera maiatzean eta adin tarte guztietan, gainera. Hala ere, orain urtebeteko datuetatik urrun dago Oñatiko langabezia une honetan, 15 langabe gutxiago zeudelako iazko maiatzean. Halabaina, lan bila zebiltzan gizon eta emakumeen aldea handiagoa zen, puntu erdi handiagoa emakumeen kaltetan.
Debagoienean ere, langabe kopurua gutxitu egin da maiatzean, bigarren hilabetez jarraian. Bergaran soilik gehitu da eta Arrasate eta Elgetan apirileko kopuru bertsutan mantendu da. Orokorrean, 11 langabe gutxiago zenbatu dira eta tasa 4 ehuneneko murriztu da, % 7,95ean kokatuz.
Ikusmira zabalduz, Gipuzkoan langabeen kopuruak pitin bat gora egin du eta Hego Euskal Herrian, aldiz, behera. Ohikoa izaten da maiatzean langabe kopurua murriztea baina aurreko urteetako maiatzetan baino nabarmen gutxiago izan da. Aste Santutik aurrera sortzen diren lanpostu gehienak zerbitzuetakoak izan ohi dira, ostalaritzakoak horietako asko eta azken hilabetean ere halaxe gertatu dela adierazten dute datuek. Enplegu sorreraren aldetik hilabete ona izan ohi da maiatza, esan bezala, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Gizarte Segurantzak 10.000 afiliatu baino gehiago irabazi zituen Hego Euskal Herrian, mende honetako bataz bestekotik dezentez gora. Arantza Martinez Eusko Jaurlaritzako Enplegu zuzendariak lan merkatuaren bilakaera positiboa azpimarratu du; ELA sindikatuak, langabeziaren murrizketa apalean jarri du fokua eta LABek, industriaren enplegu suntsiketa bereziki aipatu du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!