Oñatiko udala

Eremu publikoaren neutraltasuna eta garbiketa bermatzea eskatzen zuen EAJren mozioak eztabaida sortu zuen azken Osoko Bilkuran

2026/06/02
Card image cap
EH Bilduk kontra bozkatu zuen, “adierazpen askatasunaren, demokraziaren eta aniztasun ideologikoaren aldeko jarrera" defendatzen jarraituko dutela argudiatuz

  EAJren mozioak hiru puntu biltzen ditu: espazio publikoko elementuen garbitasuna bermatzea, harmonia estetikoa eta neutraltasun politikoa zainduz; udal-ordenantza errespetatzen ez duten espazio publikoaren edozein erabilera salatzea; eta mezu iraingarri, mehatxagarri edo gorroto mezu oro gaitzetsi eta berehala kentzea, indarrean dagoen ordenantza aplikatuz.

  Amaia Erostarbek irakurri zuen mozioari erantzuteko hitza Xabier Igartua alkate-ordeak hartu zuen eta hainbat zehaztapen eta galdera egin zituen: jeltzaleen kezka zein ote den, herriaren txukuntasuna ala adierazteko askatasuna; zein neutraltasunaz ari diren, zerbait jartzea neutrala ez bada, debekatzea neutraltasunik gabe jardutea ez ote den; eta zein inpaktu sozialen inguruan ari diren, zehaztuz, aldarrikapenek beti bilatzen dutela inpaktu sozial bat izatea, irakurtzen duena pentsatzera bultzatuz edo ekimenean parte hartzera animatuz, esaterako. Mozioak kezkagarriak diren termino eta esaldi asko biltzen dituela erantsi zuen Xabier Igartuak: kezkagarriak, adierazpen askatasunerako; kezkagarriak, demokraziarentzako eta kezkagarriak eragile, jende eta kausa akorentzako. Guk adierazpen askatasunaren, elkarrizketa politikoaren, demokrazioaren, bizikidetza demokratikoaren eta aniztasun ideologikoaren alde jardungo dugu esanez amaitu zuen Igartuak bere azalpena.

  Mezu eta espazio publikoak ez direla sekula neutralak izango baina horiek isilaraztea adierazpen askatasunaren aurkakoa dela esan zuen Izaro Elorza alkateak ondoren, eta Asier Lauzurika zinegotziak, beste galdera bat bota zuen, ea zelan eskatu liteken “herritartasun neutral” bat iritziak kaletik kenduta. Era berean esan zuen, adierazpen askatasuna molestoa dela baina herri bizi baten adierazle ere bai. Jeltzaleen mozio proposamena ez zen onartu, EH Bilduk kontra bozkatu baitzuen.

  Gaiaren harira, prentsa-oharra zabaldu du gaur EAJk eta Amaia Erostarbek adierazi du Kezkagarria dela EH Bilduk ekimen honen aurka bozkatu izana, babesik gabe utziz auzotar guztioi dagokigun eskubide bat.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!