Bisita gidatuak eginez ospatuko da Artxiboen Nazioarteko Eguna Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan
2007an izendatu zuen ekainaren 9a Artxiboen Nazioarteko Eguna Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak. Erabakiak, jarduerak eta memoria zaintzen dituzten erakunde gisa artxiboek duten eginkizuna gizarteratzeko helburuz erabaki zen Artxiboen Eguna ospatzea. Izan ere, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den ondare bakar eta ordezkaezina baita artxiboetan gordetzen dena eta gizartea horren jakitun izatea ezinbestekoa da artxiboak babestu ditzan. Artxiboak justiziarako; eskubideak, memoria eta etorkizunak da aurtengo leloa, eta artxiboek eskubideen eta gizarte demokratikoen alde jokatzen duten funtsezko papera azpimarratzea da asmoa.
Artxiboen Nazioarteko Astea ospatzeko Gipuzkoako Artxibo Historikoek, Oñatikoak eta Tolosakoak, ateak irekiko dituzte. Datorren astean, hilaren 11an eta 12an, Ibarra zelaia 4an dagoen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak ateak herritarrei irekiko zaizkie, beraien egunerokoa nolakoa den ezagutarazteko. Bina bisita gidatu antolatu dira eguneko, 11:00etan eta 17:00etan eta ordutegi bakoitzean bi talde osatuko dira bisita euskaraz edo gazteleraz egin ahal izateko. Bisitaren ibilbidea artxiboko hainbat gunetatik igaroko da, baita sarbide mugatuko eremu batzuetatik ere. Bisitariak gordailuak, lan-aretoa, zaharberritze tailerra eta beste ikusiko ditu eta XV. mendetik XX. mendera bitarteko jatorrizko dokumentuak erakutsiko dira, justizia eta eskubideen urraketekin lotutakoak. Bisitek ordu eta erdiko iraupena izango dute, gutxi gora behera.
Bisitak doan dira baina taldeak 15 partaideetara mugatu dira, gehienez. Horregatik, aldez aurretik erreserba egitea ezinbestekoa da. Telefonoz nahiz posta elektronikoz egin liteke egin liteke. (943 41 50 60), 8:30etatik 14:30etara, posta elektronikoz idatziz (ahpg-gpah@gipuzkoa.eus).
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!