"Arantzazu Afrikarekiko topaleku" jardunaldia egingo da, larunbatean
Hamahiru urtez etenik gabe egiten ari den sentsibilizazio-jardunaldia da Arantzazukoa; Afrikako errealitatea ahalik eta modu objektibo eta anitzenean ikusarazi eta hurbiltzea du xede. Zinea, komunikazioa eta argazkigintza izango dira bitarteko eta oinarri larunbateko egitarauan.
Jardunaldiak 10:30etan hasiko dira La fuerza del silencio dokumentalaren proiekzioarekin. Dokumentaleko protagonista Letebirhan da, Etiopiako Tigray eskualdeko 17 urteko neska. Gerrak bere bizitza hautsi zuen, bahitua, sexu-indarkeria pairatu eta seme batekin abandonatua, bere komunitate eta familiaren gaitzespenari aurre egiten diona. Proiekzioaren ondoren hitzaldi-solasaldia izango da, Tigrayko emakumeen egoera eta 2020an lehertu zen gerra suntsitzaile eta isilenetakoan jasaten duten indarkeria azalduz, besteak beste.
EtiopiakoTigray eskualdea eta bertako emakumeak ere ardatz nagusi dira jardunaldi osoan zehar ikusgai izango den argazki erakusketan. Buna: isiltasun osteko ahotsak erakusketak Ximena Borrazás, Edgar Gutiérrez eta Iñaki Luis argazkilarien 20 irudi ekarriko ditu Gandiaga Topagunera; gatazka, migrazio eta gatazka ondoko eremuetan esperientzia handia duten profesionalak dira hirurak. Solasaldiaren ondoren, Iñaki Luisek gidatutako bisita egin ahal izango da.
Bazkalostean, berriz, jardunaldiari amaiera emateko, zine-forum afrikarra izango da, Mamadou Khouma Gueyeren Liti Liti dokumentala proiektatuz. Senegalgo produkzio honetan ama omentzen du zuzendariak eta haren bitartez beste hainbat eta hainbat emakume ikusezin eta borrokalari, Dakarreko kaleetan, merkatuetan, leku guztietan aurkitzen diren emakumeak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!