Piktxurs taldeak eta Iñigo Ugarte protagonistak irabazi dute laburmetraien rallyko lehengo eta interpretazio onena sariak
Hori izan da 16. Oñatiko Laburmetraien Rallyak ekarri duen berritasunetako bat, generoa edo objektua eman gabe, lanetan islatu behar ziren lau egoera banatu zirela, zozketaz. Lanetan agertu beharreko lekuen zerrendaren ordez, zine-errekurtso zerrenda ere eman zitzaien partaideei larunbat goizean. 14 taldek eman zuten izena eta guztiek aurkeztu zuten lana 19:00ak baino lehen. Santa Ana aretoan egin zen proiekzioaren ondoren sari banaketa etorri zen eta lehen saria eta interpretazio onenarena, Piktxurs taldearen Kalean, harrotz filmak eta protagonista zen Iñigo Ugartek jaso zuten. Bigarren saria LPMren Olé Bildu lanarentzat izan zen eta hirugarrena, Frakamotzak taldearen Guinness World Raccord lanarentzat. Ikuslearen saria, berriz, Dwingi Dwingi taldearen Hi, futbola lanak eraman zuen. Aipagarria da saritutako laburmetraia bakoitza proposatutako egoera baten inguruan osatu zela: inork ez du OLRko epaimahaikide izan nahi; Herri Eguneko gazta lehiaketako epaimahaikide zara baina usaimena eta dastamena galdu dituzu; OLRko sari banaketaren ondoren epaiarekin ados ez eta kide bati kontu eske zoaz eta herriko futbol txapelketako finalean epaile zara eta zure amorantearen taldearen aurkako penalti bat egon da.
Santa Ana aretoan egin zen proiekzioa eta sari banaketa ekitaldia streaming bidez eman zen OLRren youtube kanaletik eta saioaren grabazioa eta laburmetraiak kanal berean zintzilikatu dira. Ekitaldia Aitor Abaroak gidatu zuen, Urko Egaña eta Beñat Ormaetxea bertsolariak lagun hartuta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!