Oñatiko udala

Peruko musika eta kultura oinarri dira Gaztetxean domekan ospatuko den egun osoko jaian

2026/06/18
Card image cap
Burrunda Faktoriak antolatu du, Peruanx en Euskal Herria elkartearekin elkarlanean

  Peru eta Oñati hurbilago egongo dira igandean, Burrunda Faktoriak antolatu duen egitarauaren haritik. Jaia eguerdian hasiko da, Peruko musika tropikalari buruzko hitzaldia eta kaxoi afro-afrikarraren oinarrizko tailerra emango dira. Ondoren, bazkaria egingo da. Joateko asmoa dutenek izena Arrano tabernan eman behar dute, bihar azken eguna izango dela kontutan hartuta.

  Bazkalostean, 16:00etatik aurrera, terraza irekiko da eta zerbait hartu bitartean Bilboko Pantx Records kolektibokoen binilo-pintxadaz disfrutatu ahal izango da. Baina eguneko musika saio nagusia 18:00etan hasiko da, Limako Olaya Sound System taldeak kontzertua eskainiko baitu. Cumbia, reggae, rock eta Andeetako erritmoen fusio bizia egiten duen taldea 2008an sortu zen. Iaz Bergaran egon ziren, Europan barrena egindako biran, eta domekan Oñatira, Gaztetxera etorriko dira, Euskal Herrian eskainiko dituzten bi kontzertuetako lehena jotzera. Bigarrena, EHZ jaialdian emango dute. Kontzertu alai eta argitsuak izan ohi dira Olaya Sound System taldeenak. Sarrerak, 5 eurotan salduko dira.

  Ez da lehen aldia Peruko kultura gurean erakusten dela, aurrez ere, Peruanx en Euskal Herria elkarteak antzerako ekimena burutu izan du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!