Oñatiko udala

Pertsonen gizarteratze eta laneratze prozesuak sustatzeko prestakuntza ekimen berriak landu dira Debagoienean

2025/06/23
Card image cap
9 ibilbide abiatuko dira “Elkar EKIN Lanean” proiektuaren baitan, udazkenean

  Elkar EKIN Lanean zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzea sustatzeko dinamika da. Prestakuntza edo formazioa da oinarria eta Debagoienean garatzeko hitzarmena orain bi urte sinatu zuten Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

  2025-2026 ekitaldirako eskualdeko 12 eragilek bat egin dute, 9 ibilbide diseinatu eta eskaintzeko. Tartean Oñatiko Udala dago, eta Bastida akademiarekin elkarlanean, Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta ziurtagiri profesionala eskuratzeko formazioa eskainiko du, iraila-urrian hasita. 510 orduko formazio teoriko- praktikoa izango da eta zaintza lanetan aritzeko erdi mailako lanbide zikloaren pareko titulazio ofiziala emango du. Olaburu zentroan emango den formazio honen parekoa eskainiko da Aretxabaletan.

  Baina zaintza arloko bi ikastaro trinko horiezaz gain, zerbitzu eta industrial arloko beste batzuk ere egin ahal izango dira: Aretxabaletan bertan, esaterako, MIG-MAG soldadura; Bergaran, instalazio elektrikoak eta Arrasaten, biltegi lanak, sukaldaritza, eraikuntzako mantenu lanak, mendi lanak eta garbiketa arloko ikastaroak. Zaintza, soldadura eta instalazio elektrikoak ikastaroak burututa, erdi mailako lanbide zikloaren pareko titulazio ofiziala eskuratuko dute ikasleek; beste bost ikastaroak oinarrizko mailakoak izango dira. Baina formakuntza ikastaro bakoitzean arituko direnek aurre prestakuntza egin beharko dute, guztiek oinarri berbera dutela eta prozesua arrakastaz burutuko dutela ziurtatzeko. Aurre prestakuntza hori irailean hasiko da, ikastaro trinkoak urrian edo azaroan. Baterako zein besterako informazio eta izen-emateak uztailean zabaltzea aurreikusten da.

  Bederatzi ibilbideko formazio ekimen berezi honen finantzazioaren zatirik handiena, % 85a, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko du eta gainontzeko %15a eskualdeko udalek. Oñatiko Udalak, gainera, aktiboki parte hartzen du programan, Olaburu zentroko instalazioak jarriz. Debagoieneko Mankomunitatearekin batera, Arrasateko Emausek, Bastida akademiak, Goi Eskola Politeknikoak, Arizmendi ikastolak, Sarea-Bidean eta Kalexka elkarteek; Bergarako Migel Altuna lanbide heziketa institutuak eta Aretxabaletako Lanbide Eskolak, Zabaltzen SARTU eta Daiteke elkarteek bat egin dute Elkar EKIN Lanean prestakuntza ekimen honekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!