Oñatiko udala

Pertsona Nagusien Mahaia dinamizatzeko kontratua berria egingo du Udalak BIZIPOZ Zahartzaro Aktiboa kooperatibarekin

2026/01/30
Card image cap
(Arg: Anabel Dominguez)
Mahaia indartu eta egonkortzeko erronka dute

  2023an eratu zen Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaia. Hainbat herritar batu ziren, batzuk norbanako moduan eta beste batzuk, nagusiekin lan egiten duten eragile edo elkarte ezberdinen ordezkari gisa. Hilero bi bilera egiteko dinamikarekin hasi ziren eta hala jarraitzen dute egun eta, tarteka, herritar guztiei irekitako egitasmoak burutzen dituzte: hitzaldiak; irisgarritasun-ibilaldiak herriguneko irisgarritasun gabeziak identifikatu, landu eta udalari jakinarazteko edota San Martin egoitzan jada martxan den boluntario taldearen eraketa, esaterako. Taldeko AMIA diagnostikoa egin zuten iaz, Pertsona Nagusien Mahaiak dituen ahultasunak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak aztertuz. Prozesuaren ondorio nagusia argi geratu zen, Mahaia indartu eta egonkortu behar dela. Eta horretan orain arte bidelagun izan duten dinamizazio enpresarekin jarraitzea garrantzitsua dela ikusi da. Hala, BIZIPOZ Zahartzaro Aktiboa kooperatiba txikiarekin kontratu berria izenpetzea erabaki zen pasa den asteko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  BIZIPOZ kooperatibak pertsona nagusien ahalduntzea sustatzen du. Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaia oso ondo ezagutzen dute bertako teknikoek, taldearen bidelagun direlako sorreratik. Eta Oñatin ez ezik, beste hainbat herritan ere antzerako prozesuetan esperientzia dute. Orain arteko bideari jarraipena emango diote, beste urte batez, Pertsona Nagusien Mahaia dinamizatuz; hilean behin aurrez aurreko bilerak egingo dituzte, batzarren kudeaketa osoa beraien gain hartuz, Udako Gizarte Zerbitzuekin harremanetan egongo dira, zerbitzuko ordezkariekin bilerak eginez, eta herriko beste gizarte eragileekin ere harremanetan egongo dira. Berritzea erabaki den dinamizazio kontratuak 12 hilabeteko iraupena eta 8.200 euroko aurrekontua izango du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!