Oñatiko udala

Oñatiko udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratu du Eusko Jaurlaritzak

2026/11/05
Card image cap
Urriaren 23ko data duen agindua BOEn argitaratu ondoren sartuko da indarrean

  Baina iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu da gaur, herritarrek horren berri izan dezaten. Denis Itsaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak sinatzen du deklarazioa.

  Oñati bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu aitortu izanak alokairuaren prezioa mugatzea, maizterren babesa indartzea, jabe handien jarduera arautzea eta etxebizitza eskuragarriak sustatzea ahalbideratuko du, besteak beste. Hala, kontratu berrietan prezioen igoerak mugatuko dira, eta kasu jakin batzuetan erreferentziazko prezio-indizea aplikatuko da. Indarrean dauden alokairu kontratuen ezohiko luzapenak eskatzeko aukera zabalduko da, legeak ezarritako baldintzetan. Etxebizitza hutsak alokairura bideratzeko, alokairu eskuragarria indartzeko eta etxebizitza parkea mobilizatzeko neurriak bultzatuko dira. Eta etxebizitza jabe handiei prezio-muga zorrotzagoak aplikatu ahal izango zaizkie. Gogoratu, udalerri bat gune tentsionatu izendatu ahal izateko aurrez zehaztutako hiru irizpidetako bat gutxienez bete behar dela; Oñatiren kasuan, etxebizitzen salerosketa prezioen igoera handia izan da, azken bost urteetan %33,80 izan baita eta horrek aise gainditzen du Euskadin KPIaren urteko batezbestekoak emandakoa ( % 19,4ko) gehi hiru puntuko igoera (% 22,4).

  Orain jakinarazi den eremu tentsionatu deklarazioa Oñatiko Udalak osatu eta aurkeztu zuen diagnostikoaren eta 2026-2028 Etxebizitza Ekintza Planaren haritik onartu da. Planaren bidez, Udalak etxebizitza-eskaintza handitu, dagoen etxebizitza parkea hobeto aprobetxatu eta herritarren etxebizitza beharrei erantzuteko politikak garatzea da helburua. Udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko deklarazioak 3 urteko balioa du eta epe hori beteta urtero luzatu ahal izango da deklarazioa eragin zuten arrazoiek bere horretan jarraituz gero.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!