Pertsona guztiak babesteko eta batzuek bizi duten egoera gogorra ahal beste leuntzeko konpromisoa dutela jakinarazi du EH Bilduko udal taldeak

2020/11/18
Card image cap
Inbertsio publikoak eskatuz larunbatean egin zen manifestazioaren harira idatzia zabaldu dute

  Herritar ugari bildu ziren larunbat eguerdian Diru publikoa herriarentzat lemapean egin zen manifestazioan. Herritarrek emandako mandatua erdigunean jarria dutela argitzen du EH Bilduko udal taldeak prentsara zabaldutako idatzian. Eta behar nagusiak eta sektore zaurgarrienak identifikatzeko lanetan hasiak direla zehazten du, beti ere, egoera leuntzeko bideratu beharreko laguntzak lehenbailehen martxan jarri ahal izateko. Atzo arratsaldean ostalariekin egin zen bilerara erreferentzia egiten zaio idatzian.

  Baina aldi berean, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Diputazioari erantzukizuna eskatzen jarraituko dutela ere adierazten da, erakunde horien eskumenekoak diren laguntzak abiarazi eta herritarrenak diren baliabideak pertsonen zerbitzura jar ditzaten. Herritarrak egiten ari diren ahalegina erakunde publikoena baino handiagoa dela leporatzen diete idatzian. Ondorioz, herritarrei eskatutakoaren adinako esfortzu egin eta babes neurriak hartzea eskatzen diete inguruko instituzio nagusiei. Hau da, herritarrei eskatutako erantzukizun eta konpromiso maila berbera eskatzen diete.

  Oñatiko udal gobernu taldeak inor alboan geratu ez dadin lanean jarraituko duela berretsi du eta beste erakundeek ere hala egitea eskatzen du, publiko egin den oharrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!