Oñatiko udala

Pentsionistak Gasteiza, manifestazioa egitera itzuliko dira ostegunean

2025/12/15
Card image cap
Eusko legebiltzarrak Herri Ekimen Legegilea tramitatzeari uko egin izana salatuko dute, beste behin

  Batutako 145.000 pasa sinadurei eta sindikatu guztien nahiz erreferente diren ia 300 pertsonen atxikimenduari iseka egin izana Gasteizko kaleetan salatuko dute Euskal Herriko pentsionistek, ostegunean. Manifestaziorako zabaldu den leloa esanguratsua da: ¿Que no pintamos nada? Denok kalera . Ostegunean osoko bilkura egingo da Legebiltzarrean, 2026ko aurrekontuak onartu aurreko azkena, eta Herri Ekimen Legegilearen inguruko erabakia zuzendu eta aurrekontuetan partida bat gehitzea eskatuko dute pentsionistek. Izan ere, Madrilgo gobernuak gutxieneko pentsioak eta profesioen arteko gutxieneko soldata legez parekatu bitartean, hori gauzatuko duen osagarria jartzea eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari, eta horixe zen aipatu Herri Ekimen Legegilearen bitartez lortu nahi zena.

  Ostegunean Gasteizen egingo den manifestazioa Bilbao plazatik abiatuko da, 11:00etan, eta bertara joan-etorria egiteko bi autobus antolatu dira Debagoienatik. Horietako bat Oñatitik abiatuko da, 9:15etan eta Arrasate eta Aretxabaletatik pasako da. Autobusean lekua hartzeko gaur da izen-emateko azken eguna. Eguerdian egin den asteroko elkarretaratzean hainbat lagunek izena eman dute, bestela, arduradunei jakinarazi behar zaie, baina, gogoan hartuta, gaur dela izena emateko azken eguna, esan bezala.

  Bide batez aipatu, gaurkoa urteko azken elkarretaratzea izan dutela herriko pentsionistek. Gabonetan ez da elkarretaratzerik egingo eta plazara, urtarrilaren 12an itzuliko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!