Oñatiko udala

Pentsioen eguneratzea eskatzeko manifestazioetan parte hartzera deitu dituzte herriko pentsionistak

2026/02/18
Card image cap
Donostian larunbatean egingo den manifestaziorako autobusa jarri da

  Balio handitze automatikoa! lemapean manifestazio bana antolatu da hegoaldeko lau hiriburutan, larunbatean eta astelehenean. Herrialdeka egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu zen asteleheneko elkarretaratzean eta Donostian, larunbat eguerdian egingo den manifestaziora joateko gonbidapena egin zitzaien oñatiarrei. Debagoienatik autobusa jarriko da, joan-etorria egiteko.

  Pentsioen eguneratzeak segurtatu gabe jarraitzen duela salatu du Pentsiodunen Mugimenduak, 21/2021 legeak ez baitu berme nahikorik ematen. Hala ikusi zen urtarrilaren 29ko Kongresuko osoko bilkuran zenbait alderdik atzera bota zutela pentsioen igoera jasotzen zuen lege dekretua, gobernuaren kontrako higadura estrategiaren baitan. Gerora, otsailaren 3an, Espainiako gobernuak dekretua onartu zuen baina ez du Kongresura eraman berretsi dezan. Pentsioen gaiarekin alderdi politikoak egiten duten erabilera interesatua salatzen dute pentsionistek, joko politikoa pertsonen bizi-baldintzen aurretik jarri izana onartezina dela esanez. Sentitzen duten segurtasun falta, ezinegona eta haserrea adierazteko manifestazioak antolatu dira hegoaldeko lau hiriburuetan, hilaren 21ean eta 23an. Donostiakoa larunbatean izango da, Boulevardeko plazan, 12:00etan. Bertaratzeko autobusa antolatu da Debagoienatik eta oñatiarrek Elorregiko geltokira joan beharko dute, bertatik 9:45etan pasako delako. Elorregirainoko bidea kotxetan egiteko asmoa dute astelehenetako elkarretaratzeko arduradunek eta beraiekin harremanetan jartzea eskatzen dute.

  Pentsioen errebalorizazioa ez ezik, ohiko aldarrikapenak ere egingo dira manifestazioetan: gutxieneko pentsioen funtseko hobekuntza, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea, Euskal Herrian gutxieneko pentsioak Lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzea eta ezkutu sozialean jasotako pertsona zaurgarrien babesteko neurriak...

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!