Partaidetzazko aurrekontuak prozesu berrirako herritarren berme taldea osatzeko deia egin du

Partaidetzazko aurrekontuen prozesu berria abiatuko du Udalak irailean. Horren bidez, 2026 eta 2027 urteetako aurrekontuetan 600.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko aukera izango dugu herritarrok. Aurretik, ordea, prozesuaren jarraipena egingo duen taldea osatu behar da; mahai politikoa eratuta dago jada, udalbatzan ordezkaritza duten bi taldeetako kideekin eta herritarren berme taldea osatzeko deialdia zabaldu berri da. Aurtengo prozesuaren nobedadea gainera, berme taldea herritar boluntarioz osatzean datza.
Berme talde honen funtzioa prozesuan zehar hartzen diren erabakiak zuzen eta egoki hartu direla egiaztatzea izango da. Prozesua irailean hasiko da eta 2026ko otsailera arte luzatuko da. Tarte horretan bost bilera egitea aurreikusten da: taldea bera osatu, prozesua ezagutu eta eginbeharrak zehazteko, irailean; herritarrek egindako proposamenak jasotzeko fasearen inguruko kontrastea, urrian; proposamenen bideragarritasun teknikoaren kontrastea, abenduan; proposamenen bozketa arauek zehaztu bezala egin dela ziurtatu, urtarrila amaieran eta prozesuaren balorazioa, otsailean. Berme taldeko kideek bost bileretara joateko konpromisoa hartu beharko dute.
Berme talde honetan parte hartzeko interesa dutenek izena eman dezakete jada, uztailaren 24ra bitartean. Informazioa eskuratu eta izena emateko bide ezberdinak daude: 943 780411 (126 luzapena) edo 688 67 94 60 zenbakira deitu edo partaidetza@onati.eus helbidera idatzita.
Izena ematen duten guztien artean zortzi bat laguneko taldea eratuko da Oñatiren errealitate soziala oinarri hartuta, talde anitz eta heterogeneoa osatu nahi baita. Partaideen izendapena parametro batzuen arabera erabakiko da: adina, sexu-generoa, bizitokia (landa eremua, herrigunea…), jatorria… Baldintza horiek betetzen dituen gutxienekoa ez badago ez da talderik osatuko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!