Oñatiko udala

Parke Gorrixa egokitzeko lanen esleipena bertan behera geratu da, bigarren aldiz

2026/02/06
Card image cap
Ez da eskaintzarik jaso

  Etxaluze atzealdeko Parke Gorrixan 8-14 urte bitarteko haur eta nerabeentzako jolas tokia eta sozializatzeko eremua eraiki nahi du Udalak, egurrezko altzarien bitartez, gune desberdinak diseinatuz. Iazko udan egin zen lanak esleitzeko lehen ahalegina baina proposamenik ez zen aurkeztu eta bertan behera utzi zen. Proiektuko aurrekontuan zein altzarien diseinuan moldaketak egin ziren eta esleipen-aurrekontua jaso ondoren, lanak esleipenera atera ziren, bigarren aldiz, eta bigarren aldiz bertan behera utzi behar izan da prozedura, oraingoan ere ez delako eskaintzarik jaso.

  Parke Gorrixa harremanetarako espazio bihurtu nahi da. Negeruela-Otaegi arkitektoek berridatzitako proiektuan mantendu egiten dira parkeko berdeguneak, zuhaitzak eta belarguneak, baina biribilguneen ideia garatzen da eta gune biribilak, mahai eta eserleku biribilduak eta biribilean esertzeko adina zabal diren guneak eratzea aurreikusten da. Forma geometriko hau lehenetsi da eta parkea 10 borobil-gunetan banatzen du proiektuak. Altzari gehienak egurrezko lama bidez estaltzea eta parke gorri izenari keinu eginez, zenbait elementu kolore gorriz margotzea proposatzen da proiektuan. Baina lanak nork egin falta da, esan bezala, esleipenera bi aldiz atera den arren inolako enpresak ez duelako eskaintzarik egin. Gaia nola bideratu erabaki beharko dute orain udal arduradunek. Etxaluze atzealdeko parkearen aurreko birmoldaketa lanetan ere, deialdia bizpahiru aldiz argitaratu behar izan zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!