Palestinaren aldeko jardunaldiak egingo dira gaur hasi eta igandera arte
Palestina eta Ekialde Hurbileko egoera nahasia ondo ezagutzen duten bi aditu gonbidatu dira jardunaldiei hasiera emango dien solasaldira: Mikel Aramendi eta Dabid Lazkanoiturburu kazetari eta nazioarteko gaietan adituak. Palestinako egungo egoera ulertzeko hainba argibide emango dituzte, Kultur Etxean 19:00etan hasiko den solasaldian.
Bihar, ordu eta leku berean, filme-laburren emanaldia izango da Palestinaren bestelako begiradak izenburupean. Hiru filme proiektatuko dira: Hijas de la Nakba, Patroi batek kontatzen duena eta Berreskuratze geroratua. Hiruretan emakumeak nagusi dira; lehenean, egunerokoan israeldarren kolonizazioari aurre nola egiten dioten erakutsiko zaigu; bigarrenean, bi emakume brodatzaileen egunerokotasuna azaltzen da, memoria, kultura eta belaunaldien arteko harremanak harizkatuz; eta hirugarrenean, maite dituzten semeen desagerpena eta hauen gorpuak eskuratzeko zailtasunak islatzen dira. Aipagarria da bigarren laburmetraian Jon Garate oñatiarrak parte hartu duela. Eta herritarren parte hartzea izango da baita ere larunbaterako antolatu diren kontzertuetako batean, Ramada Inn taldeak joko baitu, Parabellumekin batera, Gaztelekuan, 22:00etan. Leku berean, 12:30etan fusioa lantzen duen Mohama Saz talde madrildarraren emanaldia izango da.
Palestinaren aldeko jardunaldi hauen ekintza nagusia igandean izango da, olibondo bat landatuz Palestina izena eramango duen Kalegoienako lorategi batean. Ia 1.000 herritarren sinaduraz Osoko Bilkurara eraman zen eskaera aho batez onartu zen apirilean eta hala gauzatuko da maiatzaren 24an. Goizeko 11:30etan eta plazatik abiatuta kalejira egingo da Kalegoienaraino eta bertan olibondoa landatzearekin batera, Palestina lorategia deritzon plaka bistaratuko da.
Oñati Palestinarekin taldeak aste honetarako antolatu dituen jardunaldion helburua Palestinan gertatzen ari dena gogora ekartzea da, albistegietako lehen lerroetatik desagertu den arren, Gazan eta, orokorrean, Palestinan, suntsiketak, derrigorrezko desplazamenduek eta hondamendiak bere horretan jarraitzen baitute. Herritarrek egoera lazgarri hori ahaztu ez dezagun burutuko da sentsibilizazio programazio berezi hori, gaur hasi eta domekara bitartean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!