Oñatiko udala

Pake Lekuko eraikinaren ebakuazioa hobetzeko lanak egingo dira

2026/01/22
Card image cap
Lokalerako ate nagusiak eta tabernako kristalezko sarrera egokitzea lehenetsi da

  San Juan kaleko 2-4 eraikinetan dago Pake Leku jubilatuen elkartea. Lokalaren historian hainbat egokitze lan egin dira, garaiko beharrei erantzuteko, eta azken lan nagusiak 2000. hamarkadan egin ziren. Egun 1.200 bazkide baino gehiago ditu elkarteak, asko adinekoak eta mugikortasun mugatua dutenak. Eraikina herriko jubilatuentzat topagune da eta ekintza ezberdinak egiten dituzte: ikastaroak, hitzaldiak, bingoa, dantzaldiak eta entseguak, besteak beste. Tabernaren erabilera ere handia da eta ez jubilatuen aldetik bakarrik, bestelako herritarrak ere joaten direlako zerbait edan edota jatera. Bitartean halako eraikin eta zerbitzuei eragiten dieten arau eta legeak berrituz joan dira eta horietara egokitzeko proiektua eskatu zion Udalak Ainhoa Negeruela arkitektoari. Dokumentuan eraikinaren ebakuazioa eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko hainbat egokitze egitea gomendatzen du. Lokalaren sarrera-irteerako ate nagusiak eta tabernako kristalezko sarrera egokitzea lehenetsi da eta lana Zumitza eraiketak enpresari esleitu zaio, 25.665 eurotan. Hiru hilabeteko epean egin beharko dira.

  Pake Leku elkartean egokitze eta hobetze lan ezberdinak egiten dihardu Udalak eta horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi zen 2026ko udal aurrekontuen eztabaida batzarrean. Hurrengoko lanak eraikinaren ebakuazioa hobetzeko egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!