Oñatiko udala

Ostiralera arte luzatuko dira Zubibarri kaleko lanak

2025/07/16
Card image cap
Kaleak itxita jarraituko du zanga estali arte

  Astelehenean itxi zen trafikora Zubibarri kalea, Gipuzkoako Urak enpresa egiten ari den konponketa lanak tarteko. Bidea itxita gaur arte egongo zela iragarri zen baina luzatu egin da, ostiralera arte, lanen arduradunek jakinarazi dutenez.

  Orain astebete hasi ziren Zubibarri kalean antzemandako ur-ihesa konpontzeko lanak Gipuzkoako Urak enpresako teknikariak. Hasieran, errepidearen alde bakarra okupatuz egin zituzten baina matxura pentsatu baino handiagoa izaki, kaleko zanga alderik alde zabaldu zen, errepidea trafikorako itxiz. Eta halaxe jarraituko du, lanak guztiz amaitu bitartean. Matxura konpondu dela zehaztu dute arduradunek, baina irekitako zanga bete eta estali behar da orain. Ostiralerako amaitzea espero dute.

  Bitartean, Bidebarrietara joateko asmoz Arantzazuko Ama eta Ultzegin kaletik barrena sartzen diren ibilgailuak Errementari plazatik gora bideratzen dira. Kiroldegi aldera egin nahi dutenei berriz, San Juan kaleko sarrera hartu behar dute. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!