Oñatiko udala

Ostiralean, hilaren 6an hasiko da ikasturte berria Oñatin.

2013/09/02
Card image cap
Bigarren Hezkuntzako ikasleek aurkezpenak izango dituzte eta gaztetxoagoek lehen eskolak. Aurten berriro ere ikasleek eskola agenda bateratua jasoko dute.

  Gaur bertan eramango dira ikastetxe ezberdinetara ostiralean banatuko dituzten Oñatiko eskola agenda berriak. 1.200 ale argitaratu dira. Iazkoaren aldean, biziagoa, erakargarriagoa egiten saiatu dira. Horretarako, Pernan Goñi marrazkilariari irudiak sortzea eskatu zaio. Gaia ere berritu da. Iaz, hirigintza aldetik Oñatik izan duen aldaketa islatzen saiatu baziren ere, aurten, herriko pertsona eta toki esanguratsuei leku egin zaie. Oñatiri buruzko kontu jakingarriak ere jaso dira eta iaz hasitako bidetik jarraituz, euskarak eta herriko berbaerak ere presentzia garrantzitsua du.

  Udala eta ikastetxeetako ordezkariez osatutako hezkuntza mahaiak osatu duen eskola agendak 5.000 euro pasatxoko aurrekontua izan du. Marrazkilariaren lana hiru ikastetxeek ordainduko dute eta maketazio eta inprenta lanak berriz udalak. Alde horretatik, ahalegin berezia egin da iazkoa baino liburuxka sendoagoa izan dadin.

  Ostiralean jasoko dute lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek beren eskola agenda, egun horretan, irailaren 6an hasiko baita Oñatin, 2013-2014 ikasturte berria.

  Gaztetxoenentzat, ostirala lehen eskola eguna izango da. Bigarren hezkuntzako ikasleentzat berriz, aurkezpen eguna izango da. Elkar Hezi ikastetxekoak izango dira goiztiarrenak. DBH 1,2 eta 3. mailako ikasleek, goizeko 10etan izango dute kurtso aurkezpena eta DBH4 eta batxilergokoek, 10 eta erdietan.
Txantxiku ikastolan berriz, 11etan finkatu da DBH nahiz batxilergokoen aurkezpena. Eta Zuazola Larraña institutuan berriz, 12etan.

  Aurkezpenekoak bilera laburrak izan ohi dira: irakasleak ezagutu, ordutegia jaso eta beste argibide batzuk emateko topaketa besterik ez. Baina udako oporren ondorengo lehen hartu eman horren ondotik, bigarren hezkuntzakoak ere asteartean hasiko dituzte eskolak, horixe baita kurtso hasierak gurean izango duen ezaugarria. Ostiralean hasi baina astelehena, Arantzazuko Amaren eguna izaki jai izango dela. San Migel eguna domeka izango denez, herriko jai egun ofiziala eta iraileko lehena izango da.

Iturria: Oñati irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!