Oñatiko udala

Ostegunean iritsiko dira haur sahararrak Oñatira

2025/07/15
Card image cap
Chernobil inguruko 3 mutiko gurean daude, ekainaren 30etik

  Oporrak bakean edota Chernobilgo haurrak udan gurean hartzeko programak elkartasunean oinarritzen dira. Hamarnaka urtez luzatzen ari den exilio egoerak eraginda, basamortuan eraikitako asentamenduetan bizi diren haurrei, udako tenperatura altuetatik urrun, beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematen die Oporrak Bakean egitasmoak. Chernobilgo istripu nuklearrak, lehenik, eta Ukrainan bizi den gerrak, ondoren, gatazka eta kutsadura ingurutik aldentzeko bidea ematen die bertako haurrei udako kanpaina hauek. Bi taldeak ekaina amaiera-uztaila hasieran iristekoak ziren, baina Ukrainako hiru mutiko bakarrik daude Oñatin, une honetan. Saharako haurrak, ostegunean iristea espero da.

  Gurean dauden Ukrainako hiru mutikoak Chernobilgo umeak elkartearen bitartez iritsi ziren ekainaren 30ean eta, bi hilabete pasa ondoren, abuztuaren 29an itzuliko dira. 12 eta 13 urteko hiru mutiko dira herriko beste horrenbeste harrera familietan daudenak.

  Debagoienera etorriko diren haur sahararrak berriz, zazpi dira; bost Oñatin egongi dira, eta Bergara eta Aretxabaletan beste bana. Ukrainarrak baino gaztetxoagoak dira, 8-12 urte artekoak. Identifikazio agiriekin eta bestelakoekin suertatu diren hainbat oztopo tarteko, haur hauen bidaia bi astez atzeratu da baina badirudi, aste honetan, ostegun goizean iritsiko direla Loiuko aireportura. Familiak zain daude, gehienak aurrez etxean hartutako neska-mutikoak dira eta familiako kide moduan sentitzen baitituzte. Hauek ere bi hilabetetarako etortzekoak ziren baina atzerapenak gure artean egingo duten denbora murriztuko du, gauzak ondo, abuztu amaieran itzuliko baitira euren herrietara.

  Baina bitartean kutsatu gabeko inguru batean, basamortuan baino tenperatura freskoagoetan eta elikadura anitza jaten egongo dira batzuk eta besteak. Saharako haurrak medikura ere eramango dira, errefuxiatuen kanpamentuetan zaila duten arreta emateko. Haur osasuntsuak dira, baina begietako edo azaleko arazo txikiak izan ohi dituzte askok, basamortuko eguzkiak eraginda.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!