Osoko Bilkura istilutsua izan zen atzokoa.

2014/05/30
Azkenean, EAJko udal taldeak aretoa utzi zuen. Antzerako zerbait gertatu zen iazko maiatzeko Osoko Bilkuran ere.

  Hasterako jada, aurreko bilkuraren agiria onartzeko puntuan egin ziren xehetasun eta matizazioek bilera luzea izan zitekeela pentsarazi zuten. Udalbatza osatzen duten bi taldeek agiria zegoenetan onartzen zutela esan zuten baina martxoan esandakoa osatuz hainbat datu azaldu zituzten.

  Bigarren puntua, San Martin sektoreko plan partzialaren aldaketa hasiera batean onartzearen gaia zen. Horretan, gobernu taldea eta oposizioa ados ez daudela jakinekoa da. Aplikatu beharreko araudiaren inguruan irakurketa juridiko ezberdina egiten dute eta San Martinen eraiki asmo diren 132 etxebizitzetatik 32 Babes ofizialekoak izan eta gainontzekoak prezio mugatu edo librekoak edo guztiak prezio mugatukoak izan beharko luketenari buruz ikuspegi ezberdinak dituzte. Jeltzaleek, aipatu plan partzialaren aldaketarekiko alegazioa aurkeztuko dutela esan zuten plenoan eta gaia bozkatzerakoak ezezkoa eman zuten.

  Gai honek eztabaida bizia sortu zuen baina ez zen gehiagora joan. Olabarrieta auzoan errepidearen azpiko pasabidea eraikitzeko proiektua aho batez onartu zen eta beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko desjabetze espedienteari hasiera ematea erabaki zen.

  Laugarren puntua izan zen eztabaida berriro piztu zuena. 2014ko ur ordenantzaren behin-behineko onespena bertan behera uztea proposatu zen gaia gehiago landu eta beharra ikusiz gero, ordenantza, 2015erako aldatzeko. Horretan, udalbatza osatzen duten bi alderdiak ados etorri ziren. Baina Mikel Biain alkateak gaia sakonagoa zela esan eta ur horniduraren konpetentzia Ur Kontsortzioaren esku utzi izana oñatiarrentzat kaltegarria izan zela esatean eztabaida berpiztu zen. Alkateak esan zuen, 2008tik gaur arte, oñatiarren ur erreziboa %64a garestitu dela eta Ur Kontsortzioan sartzearen ondorioz, entitateak Oñatin egitea hitz-emandako inbertsioak ez direla bete esan zuen.

  Horrek, Lourdes Idoiaga haserretu zuen eta aurreko legealdian izenpetutako inbertsioak bete egin zirela esan zuen. Baina alkateak datuak eman zituen, 2008-2011 urte bitarteko datuak, alegia, jeltzaleak gobernu taldean egon zireneko datuak eman zituen eta horrek, Idoiaga sutu zuen. Osoko bilkuran zehar hiruzpalau aldiz arduragabekeriaz aritu izana leporatu zietela eta hori onartzeko prest ez zegoela esanez, aretoa utziko zuela iragarri zuen. Mikel Biainek aretora itzultzeko eskaera egin zuen arren, jeltzaleak ez ziren bueltatu. Baina Osoko Bilkurak aurrera jarraitu zuen. Ondorengo gai guztiak dena den, inolako eztabaidarik gabe eta aretoan zeuden Bilduko ordezkarien aldeko botoz onartu ziren.

  Atzo bezala, urtebete lehenago, iazko maiatzeko Osoko Bilkuran ere jeltzaleek haserre aretoa utzi zuten plenoa amaitu aurretik. 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!