Oskarbi taldearen emanaldia egingo da Arantzazun, Bitoriano Gandiagaren omenez
Oskarbi 60 urte. Gandiaga omenduz izenburua duen emanaldiak bi zati izango ditu, lehenengoan, Gandiagaren letrekin osatutako abestiak izango dira entzungai eta bigarrengoan Gipuzkoa-Donemilia Oskarbiren azken diskoko abestiak. Musikagintzan 60 urte eman ditu Oskarbik eta ekainean aurkeztu zuen disko berria. Horren haritik hainbat emanaldi egiten ari da Euskal Herrian barrena eta hurrengoa Arantzazun egingo du, Bitoriano Gandiaga omenezkoa izatearen berezitasunarekin.
Aurreko mendeko 60. hamarkada amaieren hasi den Oskarbi musika taldearen eta poeta frantsizkotarraren arteko harremana. Zubia Jorge Oteiza izan zen. Oskarbiko Luis Romerok Jorge Oteizarentzako hainbat lan egin zituen Irungo bere tailerrean Oteiza Irunen bizi zen garaian. Horren harira, Oskarbiko kide batzuk Arantzazura etorri ziren Oteizarekin egun pasa egitera 1969an, apostoluen lana amaitzen ari zen urtean, hain justu. Orduan ezagutu zuten Bitoriano Gandiaga. 1972 urtean Oskarbiren Eskutari diskorako grabatu ziren Gandiagak taldeari eskainitako hitzekin egindako lehenengo bi kantuak:Bai, bai baina gero ez eta Kezkatzen bai nau. Hurrengo diskoetan Gandiagaren olerki gehiago kantu bihurtu zituen Oskarbik eta hortik aurrera beren emanaldi ugarietan abestu zituen.
Oskarbiren eta Arantzazuren arteko lotura urtez urte estutzen joan da. Gandiaga hil ondoren, bere omenez egindako hainbat ekitaldietan parte hartu zuen Oskarbik eta orain, haren heriotzaren 25 urte bete diren honetan ere bertan egongo dira: irailaren 26an, 10:30etan eta Basilikako Koruan Oskarbi 60 urte. Gandiaga omenduz emanaldia eskainiz. Lekua mugatua da eta bertaratzeko asmoa dutenek izena eman behar dute Arantzazuko adiskideak elkartearekin harremanetan jarrita (adiskideak@arantzauz.org / 688 613 840)
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!