Osasun sailarekiko harreman jarraitu eta estuagoa eskatu zuen Izaro Elorzak, Foru Aldundiak alkateekin egindako bileran

2020/10/21
Card image cap
Egoera larria izan arte ez ei da komunikazio ofizialik izaten

  Foru Aldundiak deituta Gipuzkoako alkateekin batzar telematikoa egin zen atzo arratsaldean, pandemiaren hedapena dela-eta zein kezka eta eskaera zituzten jakin asmoz. Osasun sailarekiko harremanak oso puntualak direla eta tokian tokiko egoeraren informazio ofiziala eskuratzea zaila gertatzen zaiela kexu ziren hainbat alkate, tartean, Oñatikoa. Herrian egiten diren proba edota emaitzen berririk ez dutela eta intzidentzia maila gorria izanik ere, halakoren jakinarazpen ofizialik ez dela egiten esan zuten. Egoera oso larria den arte eta baheketa edo proba masiboak egiteko erabakia hartu arte kasik harremanik ez dela izaten adierazi zuten. Alde horretatik, informazio jarraitua eta harreman estuagoa izatea eskatu zuten.

  Herri txikietako ordezkariek aipatu harremanetarako dituzten zailtasunez gain, bitarteko eta baliabide exkaxak dauzkatela azaldu zuten eta Aldundiaren laguntza edo babesa eskatu zuten. Diputazioko arduradunek bidea errazten saiatuko direla erantzun zuten. Tokian tokiko prebentzio neurriak hartzeko aukeraz ere eztabaidatu zuten Gipuzkoako alkateek Foru Aldundiko ordezkariekin egindako bileran.

  Markel Olano Ahaldun Nagusiak berriz, gizarte harremanak ahalik eta gehien mugatzea eskatu zien gipuzkoarrei. Egoera zaila dela eta harremanak mugatzeko ahalegina egitea eskatu zien herritarrei, Nafarroak bizi duen egoerara eta hartu behar izan dituen neurrietara ez iristeko.

  Oñati gorriz markatuta agertzen da Osasun sailaren mapan, bigarren egunez jarraian, 100.000 biztanleko 546ko intzidentzia tasarekin. Atzo baino 18 puntu altuagoa. Baina tasa horrek azken 14 egunetan zenbatutako kasu metatuei egiten die erreferentzia eta azken egunetako emaitzek egoera egonkortzeko bidean egon litekeela pentsarazten du. Hori da behintzat anbulatoriotik alkateari adierazi diotena; zuhurtziaz baina aparteko alarmarik gabe, datuak hurbiletik zaintzen ari direla esan diote.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!