Ordu erdiro izango da autobusa bihar Arantzazura joan-etorria egiteko
Arantzazuko frantziskotarrak ari dira biharko ospakizuna prestatzen. Udal, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak gonbidatu dituzte, ospakizunetan parte hartu eta bazkaltzera. Juan Migel Dorronsoro Arantzazuko guardianoak egingo die ongi-etorria, Santutegi atarian, eguerdi aurretxoan. Fernando Prieto Donostiako gotzaina ere bertan izango da, meza nagusia zuzentzen.
Baina herritarrak, erromesak, nagusi izango dira Arantzazun, lehen ordutatik gainera. 7:00etan abiatuko da Arantzazurako erromesaldia Parrokia aurrealdetik, eta bigarren hitzordua, 8:00etan egin da, Zapatan. Erromesen meza 10.00etan ospatuko da. Beste bi meza ere izango dira Santutegian, 12:00etan meza nagusia, 13:30etan gazteleraz.
Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo du Udalak aurten ere, eta bi autobus jarriko ditu gora eta behera, zerbitzua, ordu erdiroko maiztasunez beteko dutelarik. 7:30etan abiatuko da lehen autobusa Oñatitik eta azkena, arratsaldeko 19:30etan, Arantzazutik; ohiko geltokietan geratuko dira. Urteroko bide segurtasun protokoloa jarraituko da, nahiz eta, ez dirudien behar berezirik izango denik, bihar ez baita jaiegun orokorra. Hala ere, Santutegi aurrealdeko aparkalekua mugikortasun urria dutenentzat eta baimendutako ibilgailuentzat gordeko da eta aparkalekuak betetzen badira, itxi egingo da Arantzazurako errepidea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!