Oñatiko udala

Onnera Groupek barne prozesua abiatu du Fagor taldetik atera ala ez erabakitzeko

2026/11/03
Card image cap
Mondragon taldean jarraituko du, eztabaida hori ez baita mahai gainean jarri

  Fagor taldean jarraitzearen inguruan Onnera Groupek barne hausnarketa prozesu bati ekin diola jakinarazi diete bazkideei Zuzendaritza eta Errektore kontseiluetatik. Edonola ere, garbi utzita, Mondragon Taldean duen partaidetza ez dela zalantzan jartzen. Izan ere bi estamentu ezberdin baitira Fagor eta Mondragon taldeei dagozkienak. Idatzi informatibo bat zabaldu du bazkideen artean, hausnarketa prozesu honek aurrera jarraituko balu, bazkideek beraien erabaki beharko baitute Fagor taldetik irten ala ez. Baina gaur-gaurkoz, ez dago bozketarako datarik eta egingo denik ere ezin ei da ziurtatu, kooperatibako iturriek zabaldu dutenez.

  Ez da lehen aldia 2013ra arte Fagor Industrial zenean Fagor taldean jarraitu ala ez bozkatzen dela; orain lau urte ere galdera hori egin zen eta bazkideek taldean jarraitzea erabaki zuten.

  Onnera Group sukaldaritzarako, garbiketarako eta hotz aplikazioetarako soluzioak eskaintzen ditu. Zazpi marka biltzen ditu: Fagor Professional, Asber, Edesa, Danube, Domus, Primer eta Efficold eta sei fabrikazio lantegi ditu, Oñatiko egoitza nagusiaz gain: Kordoban, Bartzelonan eta Huescan, Frantzian, Polonian eta Mexikon. Taldea 2.365 profesionalek baino gehiagok osatzen dute, 7 fabrikazio lantegitan eta munduan estrategikoki banatutako 10 ordezkaritza komertzialetan banatuta. 2025 amaierako datuen arabera, 432 langile bazkide dira eta horiek izango dute azken hitza Fagor taldetik irten ala ez erabakitzerakoan. Taldeak 400 milioi euroko negozio zifra lortu zuen, iaz, eta emaitza horiek erakundearen sendotasuna eta lehiakortasuna islatzen dute maiatzean egin zen 2025eko Batzar Nagusian adierazi zenez. 2026ko Kudeaketa Plana ere onartu zen batzarrean, proiektu sozio-enpresarialaren hazkunde iraunkorrak markatutako ibilbide-orri anbiziotsua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!