Ikastola ondoko jolas parkea berritzen ari dira
Herrian dauden jolas-parkeen jarraipena egiten du Udalak, egoera txarrean dauden elementuak konpondu eta ordezkatuz. Horretarako diru-partida berezia gordetzen da udal aurrekontuetan, urtero. San Juan kaleko 3-5 zenbakidun eraikinen atzealdean, ikastola aldamenean dagoen jolas gunearen egoera ikusita, bertan eskuhartzea erabaki da: kautxuzko zorua berritu eta hobetuko da; jolas dorrea ordezkatuko da, antzerako ezaugarriak dituen beste elementu bat jarriz; eta gainerako jolas-elementuak aldatu edo berrantolatuko dira, jolasgune orekatuagoa, funtzionalagoa eta erakargarriagoa bihurtzeko helburuz. Era berean, indarrean dagoen araudia betetzen dela zainduko da, segurtasuna bermatze aldera.
Pasa den astean hasi ziren berritze lanak egiten; jolas elementu guztiak kendu ziren eta kautxu zaharra ere erretiratu zen. Kautxuzko zoladura berria jartzen ari dira eta txirristadun altuerako elementu berri bat, beste hainbat elementurekin batera.
Lanak egiteko arloan espezializatutako hiru enpresen proposamenak eskatu zirren eta Zarautzko Jolas-ena lehenetsi da. Eskaintza merkeena izan zen eta Udalak zehaztutako epean, bi hilabeteko tartean lanak egitea proposatu zuen Zarautzko enpresak. Lanak 15.881 eurotan egingo ditu. Iraila hasieran Alkate dekretuz onartu zen kontratazioa pasa den astean gauzatzen hasi zen eta egun gutxiren bueltan burutzea espero da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!